Elixabete Garmendia Lasa • Kazetaria
Azken hitzordua Ormaiztegin izan zen, hilaren 3an: Hezurbeltzak taldearen emanaldia. Gorka Hermosa akordeoilaria, Jon Maia hitz eta kantuan, eta Jesus Prieto Pitti gitarrarekin. Lortu zuten Zubipe pilotalekuari halako kabaret airea ematea. Manifestu ere baden kanta ahoan: «Eta gu/lanak igorriak, nekez etorriak/adoptatu ditugu euskal jatorriak/trenak utzi gintuen herria/bihurtu da gure aberria/gu gera Euskal Herri berria». Emanaldia Zumalakarregi Museoak antolatu zuen, bertan daukaten Leopoldina Rosa erakusketaren harira, euskal jendeak Hego Amerikara emigratu zuen garaiari buruzkoa. Ez galtzekoak biak, kontzertua eta erakusketa.
Aste pare bat lehenago, Gabiriako elizan, beste mota bateko kontzertua: herriko seme eta Iruñeko Eslava kasinoko pianista izan zen Valentin Larrea konpositorearen obrak jo zituzten Itxaso Aristizabal pianistak eta Irungo Oiasso Kameratak. Guztiak ederrak eta bat bereziki gustagarria: La perla del oceano. Izenburuak ez du halakorik pentsarazten, baina kontatu zidaten pieza hori Gabiriako eskolen inauguraziorako konposatu zuela Larreak, 1911n.
Uztailaren 21ean, beste kontzertu bat aparta: Ataungo Lareo urtegiaren ertzean, Et Incarnatus orkestra, Donostiako Orfeoiko talde bat, Eneko Dorronsoro trikitian, Leturia panderoarekin, Gorka Benitez saxofonista eta Juantxo Zeberio pianoan. Lore eta Malentxo Zeberio abesten: «Kantatu nahi dut bizitza/Usteltzen ez bazait hitza/Mundua dantzan jarriko nuke/Jainkoa banitza». Imanolek musikatutako Amurizaren hitzek propio emanaldi hartarako egindakoak ziruditen.
Aralarretik irten gabe –Nafarroako mugan– irailean, Azken Muga arte jaialdiaren bosgarren edizioa Zarateko lepoan. Aurten Zumetari omenaldia eskaini diote, laurogeiren bat artisten lanak bilduz, aire librean nahiz Zaratetxeko aterpean. Zumetaren faltan, Txitxi Orbegozok usurbildarrari egindako erretratu parea, jenialak.
Beasaingo Kale Nagusian Hiru Telleriak erakusketa, konfinamendutik irten berri samar ginenean. Jokin Telleria margolari beasaindarra, Joxe Mari Telleria Segurako pintorea eta Joxe Mari Telleria argazkilari idiazabaldarra, bakoitza bere lanak esplikatzen. Esplikazio oso jakingarriak, baita ere, Nerea Iraola historialariak Ordiziako San Blas ermitaren indusketan eman zizkigunak, Erdi Arokoak izan daitezkeen bi gorpu aurkitu berritan.
Zerainen, Euskal Herriko Unibertsitatearen Uda Ikastaroetako bat egin zen irailean, gai honen inguruan: Herri txikiak aurrera begira: auzolaneko kultura eta balioetatik etorkizunera. Auzolan berriaren traza hartzen ote diodan aurtengo udako agenda goierritar aberatsari. Sortzaileek eta antolatzaileek eduki zoragarriz bete duten agenda horri.