Nora Tobar Agirre (Ataun, 2000) Lehen Hezkuntzako gradua ikasten ari den kirolaria da. Txindoki Atletismo Taldean ibiltzen da, altuera jauzian. Espainiako hamalau txapelketatan parte hartu du, eta hamabi domina eskuratu. Azkena aurten, irailean. Sevillan jokatutako Espainiako txapelketa irabazi du 23 urtez azpikoetan, 1’71 metroko jauzia eginda.
Zer sentitu zenuen?
Izugarrizko poza, hainbeste saiatu eta gero lanak bere fruituak ematen dituela ikusteak izugarrizko satisfazioa eman zidan. Gainera, lehendik ere 1,71m-ko marka pertsonala nuen eta 1,74 metrotik hain gertu egoteak, lanean eta hobetzen jarraitzeko ilusioa eman dit.
Espero al zenuen domina irabaztea?
Egia esan ez. Banekien sasoi onean nindoala Sevillara, eta ahalik eta postu onena borrokatzeko gogoz joan nintzen. Nire marka pertsonala gainditzeko gai ikusten nintzen, baina estatu mailako txapelketa hauetan maila izugarria egoten da. 23 urtez azpiko txapelketan, kontuan hartzen badugu ni 20 urterekin joan naizela, txapelketa ezin hobeto joan zela esan dezaket.
Nola eragin dizu konfinamenduak? Nola entrenatu duzu?
Teknika beste urteetan baino gutxiago landu dut, izan ere Altamirako pistara joaterik izan ez nuenez denbora dezentez koltxonetan saltorik egin gabe egon naiz. Honen ordez, nolabait moldatu nahian, Ataun aldetik mendira, korrika egitera… joaten nintzen maiz. Horrez gain, hainbat ariketa egiten nituen etxean, lehendik ditudan hesi eta materialarekin. Esan dezaket azkenean nahi nuena lortu nuela.
Zein da zure hurrengo helburua?
Bide beretik jarraitzea, hobetzeko grinaz, lehiakor izanez, gogoz eta ilusioz entrenatuz. Nire marka pertsonala gainditzeko helburua ere badut.