Txanpon baten truke
Miriam Inza • Artista eta ikertzailea
Bazen behin Errege bat eta haren erreinuan bizi zen Artisau bat. Artisau hark bizitza xumea zuen, lanak jan eta bizitzeko ematen zion, eta aberastasunik gabe ere hain zen zoriontsu, ezen erregea zeharo jeloskor baitzegoen. Erregeak orduan erreinuko Druidari galdetu zion zein zen zoriontasun horren sekretua. Elkarrekin, urrezko txanponez betetako zaku bat utzi zuten Artisauaren etxeko atean, ohar honekin: ‘Tori zuretzako urrezko 100 txanpon’. Artisaua, txundituta, etxera sartu eta, zertan gastatuko ote zituen pentsatzen hasita, zenbatu egin zituen. 99 zeuden, eta ez ehun, eta orduan larritu zen pentsatuz bat galdu zuela, zakutik ateratzerakoan erori zela, edo agian norbaitek txanpon bat lapurtu ziola… Haserre, Artisaua erotu egin zen falta zitzaion txanponaren bila. Druidak esan zion orduan Erregeari: ikusten? Lortu duzu Artisauari zoriontasuna kentzea.
Antzeko metafora bat erabiltzen dut nik sarritan Bartzelonako Sagrada Familiarekin. Urteotan titular mordoa irakurri dut, arreta beti noiz amaituko duten jarrita, badirela 100 urte bukatuta behar zuela… Orain ere Aita Santuak bedeinkatu du, baina titularrak dio «Sagrada Familia (ia) amaituta dago». Beti falta denari begira. Amaitu gabeko munduko elizarik enblematikoena, ordea, eraikin ikusgarria da, ederra eta berezia, eta bukatzeko falta denak ez digu dagoena ikusten uzten.
99 txanponen kontakizuna entzun nuenean, Erregea eta Druida alproja parea zirela pentsatu nuen, Artisauari zoriontasuna kentzeko arrazoirik ez zegoela. Gero ulertu nuen Druidaren lezioa: Erregeari erakutsi nahi izan zion haren gaitza ez zeukanari begiratzea dela, daukanaz jabe ez izatea dela zoriontasuna izateko falta zaion tartea. ■
