Moises Garciak (Burgos, Espainia, 1969) txikitatik margotu du, «erlaxatu» egiten duelako eta «adierazteko aukera» ematen diolako. «Beti jarraituko dut margotzen. Burura etortzen zaizkidan ideiak margotu egingo ditut gorputzak uzten didan bitartean», dio. Beasaingo paisaia urbanistikoak margotzen ditu nagusiki: lehendabizi argazkia ateratzen du eta gero mihisera eraman.
Margolari izateko zaletasuna nondik datorkizu?
Betidanik gustatu zait margotzea. Txikitako denborapasa marraztea izaten zen, helburu artistikorik gabe. Duela 20 urte inguru Urbietako ikastaroetan eman nuen izena eta orduan hasi nintzen serioxeago. Orduan egin nuen nire lehen koadroa.
Txikitan ia denei gustatzen zaie marraztea, baina heldutzerakoan askok utzi egiten dute. Zergatik izan daitekeela uste duzu?
Hala da bai, baina ez dakit ongi zergatik. Denbora kontua da, agian. Nik ere utzita izan nuen garai batean, baina esaten zidaten ongi egiten nuela eta ikastaroetan parte hartzera animatu ninduten. Lankide batzuekin hasi nintzen, eta beraiek orain utzia dute. Nik, behin hasitakoan, ez dut utzi.
Zer du, bada, berezia?
Harrapatuta nauka. Erlaxatu egiten nau eta adierazteko aukera ematen dit. Oso gauza polita da pintzel bidez barruan duzuna kanpora ateratzea.
Halere, aitortu beharra dut azken urteetan ez naizela Urbietako ikastaroetara joaten. Lana dela, familia… azkenean nahi baino denbora gutxiago dut eta margotzen jarraitzen dudan arren, nire kabuz egiten dut.
Margolari izateko diziplina handia behar da?
Diziplina eta ordutegi bat izateak laguntzen du. Bestela, errazagoa da alboratzea edo lanak erdizka uztea. Halere, margotzea gustatzen zaigunez, erraz hartzen ditugu pintzelak eta denbora nola edo hala ateratzen dugu. Klaseak ongi daude, adibidez, horretarako. Ordutegi bat duzu, joateko ardura bat… Klaseak akuilu bat dira.
Margotzeko zer behar duzu?
Etxean margotzea gustatzen zait, eroso nagoen toki batean. Aukeran, nahiago dut bakarrik margotu, baina ez erabateko isiltasunean. Musika jartzen dut
.
Margotzeko zer duzu gustokoen? Paisaiak, bodegoiak, erretratuak…
Paisaia urbanistikoak egiten ditut nagusiki, hemengoak, Beasaingoak. Naturako paisaiak ere egin ohi izan ditut. Gustatzen zaizkidan paisaiei argazkiak egiten dizkiet eta gero horiek margotzen ditut. Pinturaren ona da argazkiak hobetu egin daitezkeela: gustatzen ez zaizuna kendu, edozer jarri… photoshopa eskuz egiten dut.
Argazkilaria ere bazara, hortaz.
Argazkigintza da nire beste zaletasunetako bat, baina margotzen baino geroago hasi nintzen. Antzekotasun handiak dituzte eta biak gustatzen zaizkit.
Insipirazioa non bilatzen duzu?
Interneten koadroak ikusten ibiltzen naiz, Pinteresten. Artista askoren lanak daude sarean eta beste egileei begiratzea gustatzen zait.
Eta zureak igotzen dituzu sarera?
Gutxi. Bat edo beste igo dut Facebookera, baina ez dut ohiturarik.
Lanak amaitzerakoan zer egiten duzu haiekin?
Gehienak etxean ditut eta beste batzuk oparitu egiten ditut. Lagunek tarteka esaten didate koadro bat egin behar diedala eta nik egin egiten dizkiet. Halere, ez ditut enkargu asko jasotzen, egia esan.
Zein teknika erabiltzen duzu?
Ia guztiak olioan eta tamainu ertainekoak egiten ditut. Halakoekin hasi nintzen eta ohituraz jarraitzen dut. Egin ditut bestelako lanak, era akrilikoan adibidez, baina ez asko. Akuarelak egiteko ia ez dut ohiturarik; tamaina handiko koadroak ere probatu ditut noizean behin, baina betetzeko asko dute, eta erosoago ibiltzen naiz mihise txikiagoekin. Txiki-txikiak ere ez, pintzela lasai mugitzeko tokia ere behar izaten baitut.
«Etxean margotzea gustatzen zait, eroso nagoen toki batean. Aukeran, nahiago dut bakarrik margotu»
«Margotzea gustatzen zaigunez, erraz hartzen ditugu pintzelak eta denbora nola edo hala ateratzen dugu»
Txapelketetan ere parte hartzen duzu. Esaterako, Beasaingo aire libreko txapelketan herriko margolari onenaren saria lortu zenuen.
Txapelketetan edo etxean margotu ez du zerikusirik. Biek dute euren xarma eta biak gustatzen zaizkit. Beasaingo lehiaketan, adibidez, 20 bat aldiz hartuko nuen parte eta Segurakora ere joaten nintzen. Herriko onenaren sariaz gain, hirugarren eta bigarren postuetan behin baino gehiagotan amaitu dut, baina ezin dut lehen postua lortu. Beti badago norbait ni baino hobea dena.
Helburua irabaztea da?
Ez nau larritzen ez irabazteak. Oso maila ona egoten da halako txapelketetan, ia profesioanalak diren margolariak etortzen baitira. Ni ez nago horien pare, margotzea nire zaletasuna delako, ez ogibidea.
Margotzeko zaletasun handia dago Goierrin?
Txapelketetan, agian, lehen jende gehiagok hartzen zuen parte, baina ikastaroetara jende asko animatzen da. Zaletasuna egon badago. Normalean, adineko gizonezkoak izaten direla margolariak. Lehen esaten nuen bezala, denbora behar izaten da margotzeko, presaka ez baita ezer onik lortzen. Adineko jendeak denbora gehiago du eta errazago animatzen da margotzera.
Utziko al diozu inoiz margotzeari?
Beti jarraituko dut margotzen. Burura etortzen zaizkidan ideiak margotu egingo ditut gorputzak uzten didan bitartean. Itxialdian ere ez nion margotzeari utzi. Are gehiago, garai emankorra izan zen, ordu asko egin nituen mihisearen aurrean.