Arri Iraeta gaztea (Zumarraga,2001) kontzertuz kontzertu ibili ohi da. Esan Ezin proiektuan bateria-jotzaile gisa dabil. Horrez gain, Bake Faltsua taldeko argazkilaria da eta behar denean gaztetxeetan-eta soinu teknikari lanetan ibiltzen da.
Loturarik al du zuretzat argazkigintzak musikarekin?
Musika eskolan gitarra eta bateria ikasten hasi nintzen. Orduan hasi zen musikarekiko dudan zaletasuna. Ondoren, gaztetxeetan ibili izan naiz talde txiki ezberdinekin kontzertuak eskaintzen. Musikaz gain, kameren munduak ere txikitatik erakarri nau, inguruan nahiko gertu izan ditut, zortez. Gogoratzen naiz behin nire bateriako irakaslearen, Unai Lopetegiren rock taldeak (Munch taldeak) Su Ta Garren aurretik jo zuela Beasainen. Argazkigintza eta musika gustatzen zitzaizkidanez, bi arloen konexioa eginez irten nintzen lehen aldiz kamerarekin kalera.
Eta hortik aurrera?
Talde handiekin baino talde txikiekin gehiago ikasi dut. Esan daiteke kontzertuetan jaio zela nire argazkilaritzarekiko zaletasuna, orduan hasi bainintzen esperimentatzen: gaztetxeetan, argi gutxi dagoen lekuetan… Beste edozein lan egiteagatik kobratzen den bezala, argazkien truke askotan ez da ezer jasotzen. Lanbide hau ez da behar bezala baloratzen. Behin baino gehiagotan kendu diete nire argazkiei ur-marka. Dena ez da dirua, baina eskertu ere ez da egiten. Musika taldeek ez ezik, aldizkariek ere lapurtzen dizkigute argazkiak.
Pasa den larunbateko soinu-tailerra bertan behera geratu zen. Ez da, ordea, eskaini duzun tailer bakarra.
Konfinamenduan argazkigintza tailerra eskaini nuen, online. Instagram bitartez zabaldu nuen deialdia eta 30 pertsona inguruk eman zuten izena. Aurrerago egingo dugu soinu tailerra. Soinu-teknikaririk gabe, argazkilaririk gabe ez bezala, ezin duzu kontzerturik eman. Ikasi dudana gaztetxean ikasi dut, baliabide gutxirekin bada ere ikasteko aukera ematen dute. Nire ustez, gaztetxeak dira egun kultura sustatzen duten kolektibo indartsuenetako bat. Antolakuntza auzolanaren esku uzten dute. Herri jakinduria zabaltzeko aukera paregabea ematen dute. Gaztetxeengatik izango ez balitz…