Mary Franco zumarragarra oso maitea da bizilagunen artean. Pintura asko gustatzen zaio eta hainbat erakusketa egin ditu. Antzerkia ere oso gustuko du, umetatik.
Zeintzuk dira zure zaletasunak?
Pintura eta antzerkia umetatik gustatzen zaizkit. Umetan lagunentzat antzezten nuen: maleta batean zapata pila bat sartzen nuen eta erortzen uzten nituen, barre egin zezaten. Pinturak, berriz, asko lasaitzen nau.
Zer gosaltzen duzu?
Kafesnea eta nire Danielek prestatzen didan ogi xigortua, olioarekin.
Pelikula bat?
Mary Poppins. Poza ematen dit eta gozatu ezin izan nuen haurtzarora eramaten nau. New Yorken musikala ikusteko aukera eduki nuen.
Antzezlan bat?
Rafael Alvarezen (El Brujo) guztiak.
Liburu bat?
Gabriel Garcia Marquezen 100 años de soledad. Hainbat aldiz irakurri dut eta hasiera bereziki bikaina iruditzen zait. Buruz dakit.
Abeslari bat edo musika talde bat.
The Beatles. Iraultza ekarri zuten.
Abesti bat?
Formula Vren Si yo tuviera una escoba. Koronabirusa, politikoak eta munduko gaitz guztiak eskobatuko nituzke.
Oporretarako toki bat.
Barbadillo de Herreros. Burgosen dago.
Goierriko txoko bat.
Antio. Bertan ezkondu nintzen.
Zumarragan biziko ez bazina?
Urretxun. Etxetik ateratzen naizenean, maite ditudanak eta betidanik ezagutzen ditudanak ikustea gustatzen zait.
Zumarragako alkate bazina, zer egingo zenuke?
Garrantzitsuena herritar guztien ongizatea, hezkuntza, osasun sistema eta lana bermatzea da.