Teresita Irizar Aranburu • Aranburu oinetakoak (Beasain)
Sarritan entzun dugu gure oinak zaintzeko ezinbestekoa dela oinetako egokiak eta kalitatezkoak erabiltzea; eta zein garrantzitsua den oinak ondo izatea gu ondo sentitzeko! Horrelaxe da, eta gainera, gure oinak zaindu nahi baditugu txiki-txikitatik oso garrantzizkoa izango da oinetakoei erreparatzea, oinak baitira gure gorputzen zimenduak.
Azken joeren arabera, haurrei ez zaie oinetakorik jarri behar ibiltzen hasten ez diren bitartean. Halere, gure haurra ohitzen joan dadin eta lehen pausoak ematean zapata berriek enbarazu egin ez diezaioten, komenigarria da oinez hasi aurretik lehen oinetakoak janzten hastea, zutitzen hasten dela somatzean, adibidez. Oinetakoak aukeratzeko, ume txikiaren berezitasunak eta beharrak kontuan hartu beharko ditugu, noski. Batetik, oinetako sano eta goxoa behar du izan, hankari arnasten uzten diona. Baina gure haurra oinez ikasten hasten denean, bereziki, oina ondo babestuko dion eta oinez ikasten lagunduko dion oinetakoa behar du. Horregatik, momentu horretan oinetakoaren kalitatea, itxura eta tamaina funtsezkoak dira. Oina ondo lotzea edo eustea garrantzitsua izango da, eta era berean, oinetakoak zola lodiak edo irtengune handikoak izatea ekidin behar da, haurrak estropezu egin ez dezan. Tamainari dagokionez, hastapenean neurriko oinetakoa komeni da, hankak zapatan dantza egin ez dezan. Horrela, onartu behar dugu lehen oinetako hauek ez diotela asko iraungo, bi edo hiru hilabeteko epean gure umeak oinetako berrien beharra izango baitu. Haurra koskortzen doan eran, ohikoa izango da 3-4 hilabetez erabili ahal izatea oinetako berberak.
Haurrek oinetako txikiak erabiltzeak ere ondorio kaltegarriak eragin ditzake: azkazalak haragian sartzea, adibidez. Era berean, oinetakoa txiki duen haurrak pausoa ematean oin-punta barrualdera sartzen hastea ere ohikoa izaten da, horrela oinetakoak behatz puntan mina ematea ekiditen baita. Gainera, haurtzaroan gertatutako kalte hauek, handitzean nabarmendu eta bestelako deformazioak ere eragin ditzakete oinetan eta behatzetan.
Bigarren eskuko oinetakoak erabiltzea ere ohiko joera dugu, baina kontu handiz egin behar da. Arroparen berrerabiltzeak orokorrean arazorik ekar ez badezake ere, erabilitako oinetakoen kasuan horien egoera ondo baloratu behar dugu, beste erabiltzaile baten deformazioek gure umeen oinetan nahi ez ditugun ondorioak sor ez ditzaten.
Beraz, izan gogoan etxeko txikiak apain eta dotore janztea baino garrantzitsuagoa dela oinetako egokiak hautatzea. Gaur ondo aukeratu bihar hobeto ibiltzeko!