Oier Fernandez • Beltza kolore
Lau zurito!» «Bi zurito eta 3 ardo txuri, mesedez!» «Ahal duzunean, 2 zurito eta beste bat alkoholik gabea!» Hauek izaten ziren Euskal Herriko tabernetan entzuten ziren esaldiak. Hain erroturik eraman dugun erritu edo ohitura horren parte direnak. Poteoa.
Baina gaur egun entzuten al dira? Agian musukoaren azpian, baxuago, baina orokorrean ez. Agian, poteoa desagertzeko zorian dago?
Poteoa, kalean, zutik eta taldeko pertsona kopurua mugatu gabe ematen den ohitura da, eta gaur egungo neurri murriztaile zein prebentibo guztien aurka doa.
Idatzi ditudan hitzek ez dute inondik inora ere kutsu negazionista izan nahi. Euskal ohitura baten inguruan hausnartu edota barre egitea dute helburu. Baina, norbaitek pentsatu al du zer izango litzatekeen herri bat taberna girorik gabe? Edo euskaldun bat poteorik gabe? Zer gertatuko da kuadrillekin? Sarritan entzun dugu, taberna zein kale giroan ematen ari direla kontaktu gehienak.
Euskal ohiturak mantentzea biztanleriaren esku dago, eta hortaz ohartarazi egin behar gara. Egin dezagun denok, hain euskaldunak diren ohiturak mantentzearen alde, herria bizirik mantentzen duen horren alde, eta astebururo pozik eta zoriontsu egiten gaituen horren alde. Euskal poteo seguru eta arduratsu baten alde!