Azken lau hamarkadetan euskaraz dakitenen kopurua nabarmen igo da Goierrin. Euskarazko eskolen normalizazioak eragin handia izan du horretan. Erabilera, ordea, ez da proportzio berean igo.
Hamar goierritatik seik badaki euskaraz. Hala diote azken soziolinguistika ikerketaren datuek. Euskaraz dakitenen kopurua asko igo da azken lau hamarkadatan, erabileraren datuak neurtzen hasi zirenetik. Igoera hori, hein handi batean, etxetik jaso ez dutenek ere eskolan ikasi dutelako izan da. Datu horiek, ordea, koska bat behera egiten dute erabilerari dagokionean; bai etxean eta bai kalean, erdarara jotzen baitute euskaraz dakitenetako askok.
Euskararen erabileraren neurketeak egiten 80ko hamarkadaren hasieran hasi ziren. Orduan, euskaldunen kopurua ez zen biztanlegoaren erdira iristen Goierrin. 1981eko datuen arabera, %46,71 ziren eskualdean euskaraz zekitenak. Lau hamarkada geroago, datu horrek 17 puntuko gorakada izan du. 2016an –orduan egin zen azken neurketa soziologikoa– %63,6 ziren.
Zenbat eta herri txikiagoa, euskaldun tasa handiagoa dela esan liteke, inmigrazioak eragin handia izan baitu datu horietan. Zerain (%93), Gaintza (91,2) eta Gabiria (90,8) dira tasarik handiena dutenak. Eskasena berriz, Zumarragak (%51), Olaberriak (58) eta Beasainek (59) dute, hirurak ere, XX. mendean migrazio handia jasotako herriak dira.
Euskarazko eskolen eragina
Frankismoaren ondoren euskarazko eskolen orokortzeak eragin handia izan du horretan. 1981ean, euskaraz alfabetatuak %22 besterik ez ziren Goierrin. 2016an, berriz, %54. Ia-euskaldunen kopurua (ulertzen dutenak baina idazteko edo hitz egiteko gai ez direnak edo zailtasunak dituztenak) paretsu jarraitzen du, %15 inguruan.
Txanponaren beste aldean, erdaldun kopuruak nabarmen egin du behera, 1981an %38 izatetik, hogeita hamabost urte eta gero, %22 izatera pasa dira.
Jakitetik erabiltzera
Gauza bat euskaraz hitz egiteko gai izatea da, ordea, eta beste bat erabiltzea. Etxeko hizkuntza nagusia euskara dutenen kopurua jaitsi egin da 1981etik hona. Herririk gehienetan nabaritu da beherakada, Lazkaon, Ordizian, Urretxun, Zegaman eta Zumarragan izan ezik. Eta kalean ere, ez da jakintzaren proportzio berean igo.
Goierriko herririk hazienetan egindako neurketen arabera, Zumarragan eta Urretxun %22,3k egin ohi du kalean euskaraz; Legazpin %32,9k; Beasainen %35,8k; Ordizian, %43,7k; Lazkaon, %44,8k. Uema-ko kide diren herrien artean, askoz handiagoa da kaleko erabilera: Legorreta (%67,1), Zerain (81,2), Itsasondo (81,8), Ezkio (88,6), Zaldibia (88,8), Segura (89,7) eta Ataun (91,5).