Julian Garcia • Ahobizi • Urretxu
Euskaraldiaren lehen edizioan belarriprest izan zen Julian Garcia urretxuarra, baina bigarren ediziorako saltoa eman du eta ahobizi izango da.
Julian Garcia Albaceten jaio bazen ere, Urretxun hazia da. Haren familia erdaldun peto-petoa zen. Gaztaroan zituen bi lagun baserritarrei euskaraz hitz egiten entzuteak inbidia ematen ziola eta, gau eskolan eman zuen izena eta bera ere euskara ikasten hasi zen. «Esperientzia polita izan zen, eta oso oroitzapen onak ditut. Aginagako Emiliano apaiz ohia eta Jose Mari Etxaniz izan ziren nire lehen irakasleak». Lehen urrats haien ondotik, duela sei urte euskaltegian hasi zen, «serioan». Lau urte eman zituen ikasten, eta Lazkaoko Maizpiden ere egiten zituen egonaldi batzuk. «Hasieran ez zen nire asmoa, baina tituluak ateratzen ere hasi nintzen, eta batzuetan une latz samarrak igaro nituen. Hala ere, jende asko ezagutu nuen, eta garai haiek ez ditut ahaztuko!».
Ikasi, ikasi zuen beraz Garciak euskara, baina «Urretxu-Zumarragan kaleak hitz egiteko aukera gutxi daukat, gutxi hitz egiten da hemen». Hala ere, ez du galdu euskararekiko harremana eta hedabide euskaldunak ikusi, entzun eta irakurtzen ditu. Helburu hori bera izan zuen lehen Euskaraldiaren belarriprest izateko izena eman zuenean. «Euskaraz ez nintzen erabat moldatzen, eta ulertu nuen ahobizi txapa eramatea ez zegokidala, ez nintzelako erabat euskaraz bizi». Bigarren edizioan, prest sumatu du bere burua ahobizi izateko. Euskara altxor bat dela dio, eta ezinbestekoa dela gordetzea. Horretan «funtsezkoa da dakitenen jarrera, gehiago hitz egin beharko lukete eta erdaraz hitz egiteko ohitura aldatu!».