Leire Murua • Ahobizi • Gabiria
Gabirian bizi baina Tolosako denda batean lan egiten duen Leire Murua ahobizia izango da Euskaraldiaren bigarren edizioan.
Euskaraldiarekin batera ahobizi eta belarriprest paperak sortu zirenean, «beti ahobizi» izan zela konturatu zen Murua. «Ezagutzen dudan pertsona bakoitzari euskaraz egin izan diot lehen hitza, saiatu izan naiz ulertu didanarekin euskaraz jarraitzen, eta ulertu ez didan horrekin ere ahal izan dudan moduan nik euskaraz jarraitu dut».
Bigarrenez izango da, beraz, ahobizi Murua. Lehenengo edizioan konturatu zen kontzienteago egiten zituela aurrez modu naturalean ateratzen zitzaizkion ekintza horiek. «Kontzienteago nintzen zeini egiten nion euskaraz errazago, zeini ez, eta itxurak asko eragiten duela ere ikusi nuen». Horretarako txapak baliagarriak egin zitzaizkion, «itxuraz euskaldun ematen ez zuen jendea belarriprest txaparekin ikusi, eta banekien harekin euskaraz hitz egin nezakeela».
Aurten Euskaraldia ezagunagoa denez, «erantzun hobea» izango duela uste du. Berak prest dauka berriz ere ahobizi txapa, aurreko ediziotik gordetakoa, eta lan egiten duen denda Arigunea izango denez, inplikazio bikoitza izango du.