Irati Mujika • Ahobizi • Ormaiztegi
Irati Mujika ormaiztegiarra familia euskaldun batean hazi izan da eta euskaraz hitz egiten du senideekin eta lagunekin txikitatik. Lanean erdaraz gehiago egin behar izan du sarri, baina oraingo lantokian ere euskaraz egiten du.
Ahobizi izan zen 2018ko Euskaraldian eta ahobizi izango da azaroaren 20tik abenduaren 4ra, baina aurten «beste kontzientzia batekin» egingo du ariketa, aurrekoan azkeneko momentuan erabaki baitzuen izena ematea: «2018koan bi asteak pasa ziren eta hor geratu zen, euskaraz egiten nuenekin euskaraz jarraitu nuen eta erdaraz egiten nuenekin erdaraz».
Haren hizkuntza ohituretan ez zuen eraginik izan, eta horregatik, kontzientziatuta egin beharreko ariketa dela azaldu du: «Bi aste ez da denbora asko, baina balio dezake parte hartzen dutenek gerora ere hasitako prozesuarekin jarraitzeko». Bi aste horietan ikusi eta ikasitakoari jarraipena ematea ezinbestekoa da ariketak hizkuntza ohituretan eragina izan dezan: «Agian erdaraz egiteko ohitura daukat euskaraz dakien norbaitekin, euskaraz egiteko prest dago bera eta Euskaraldiaren bidez euskaraz egiten has gaitezke».
Herriko gazteek erdaraz egiteko joera dutela nabari du ormaiztegiarrak, eta hori izan da ekimenean izena emateko arrazoietako bat: «Iruditzen zait kontzientziazio lan handia egin beharra daukagula euskararen gain, erraztasun handia baitago erdarara jotzeko ume-gazteen artean». Gizarte osoak egin beharreko ariketa dela eta euskararen erabileraren alde «esfortzu txiki handi bat» egin behar dela azaldu du, eta Euskaraldia ospatzen den asteetan barneratutakoa urte osoan lantzearen garrantzia nabarmendu du.