Aiora Erauskin • Ahobizi • Ataun
Aurten ere, 2018ko esperientzia errepikatuz, Euskaraldian parte hartuko du Aiora Erauskin ataundarrak: «Euskara nire lehenengo hizkuntza da: etxekoa, lagunartekoa, lanekoa, ikasketetakoa… Nire egunerokotasuna ia bere osotasunean euskaraz egiten dut ». Aurtengo euskaraldian parte hartzearen arrazoiak zein diren galdetzean, euskararen egoeraren inguruko hausnarketa egin nahi izan du: «Datuek adierazten duten moduan, euskararen ezagutza geroz eta handiagoa den arren, honen erabilera behera doala ikus dezakegu. Ohiturak aldatzen hasteko garaia da, eta Euskaraldia bezalako ekimenak oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit pixkanaka bakarka zein kolektiboki aurrerapausoak emateko».
Orain bi urteko Euskaraldian izan zuen esperientziaz honako hausnarketa egiten du: «Nire ingurua euskalduna denez, ez nuen espero nire baitan aldaketa bat emango zenik, baina oker nenbilen. Konturatu nintzen nire kasuan zenbat eragiten didan aurrean dudan pertsona ezezagun baten itxurak hizkuntza aukeratzerako garaian. Gabezia hori identifikatu eta aldatzeko balio izan zidan Euskaraldiak, eta konturatu nintzen hainbat espaziotan, nahiz eta ez uste izan, euskaraz egin dezakedala».