Izaro Erauskin (Ataun 1999) Arte Ederretako gradua amaitzear den sortzailea da. Egun, Artizar izenpean, tote bag telazko poltsak pintatzen ditu.
Zein proiektu duzu esku artean?
Artizar proiektua darabilkit. Tela, kolore eta pintzelen artean, tote bag estiloko poltsak pintatzen ditut. Bi motatako eskariak izaten ditut eskuragarri. Batetik, pertsonalizatuak; erosleak gustatuko litzaiokeenaren ideia edo argazkia pasatzen dit, nik gero honakoa poltsan irudikatzeko. Eta, bestetik, nire diseiñu propioak ditut.
Nondik nora hasi zinen ‘tote bag’ poltsak egiten?
Hasiera batean, 2019an, niretzat hasi nintzen egiten, nik gustuko nituen ilustraziodun poltsak erabili nahi bainituen. Hemendik pixkanaka lagunei zabaltzen hasi nintzen, eta azkenean, instagram kontua ireki nuen, egiten dudana jende gehiagorengana iristeko. Hasi eta gutxira geldialdi bat izan nuen, Erasmus+ programan parte hartu bainuen. Aurtengo konfinamenduak, ordea, berriz indarrak hartu eta lanean hasteko bultzada eman dit.
Nondik lortzen dituzu poltsetarako ideiak?
Oraintxe bertan edonon ikus ditzakegu horrelako poltsak, oso erosoak eta erabilgarriak baitira. Beraz, handik eta hemendik hartzen ditut ideiak, gero horiek batu eta nire diseinuak sortzeko. Bestalde, azkenaldian, klaserako egin ditudan diseinuak eta ideiak ere erabiltzen ari naiz.
Zein teknika erabiltzen duzu?
Egiten ditudan ia poltsa denak eskuz pintatzen ditut, tela euskarri izanda. Arkatza erabiltzen dut lehenengo irudia markatzeko eta ondoren pintzelaz pintatzen dut gainean. Baina baditut linoleozko matrizeekin estanpatutako poltsak ere. Teknika honek nahi adina errepikapen egiteko aukera ematen dit.
Nola jar daitezke erosleak zurekin harremanetan?
Instagram kontua daukat eskariak jaso eta jendearekin komunikatzeko (@_artizar). Bertan ditut orain arte egindako poltsen eta nire diseinuen argazkiak eta informazioa.