Lehen argazki kamera erosi nuenetik urteak pasa arren –1988an izan zen–, familia oroigarriak edukitzeko egiten nituen soilik argazkiak. 2012an aldatu zen dena, Ortzadar argazkizale elkarteko kide egin nintzen urtean. Sormenari lotutako argazkilaritza egiteko ezagutza hartzen hasi nintzen, eta bide berriak bilatzen. Kirol argazkilaritza, bodegoiak eta erretratuak dira, oro har, gehien gustatzen zaizkidan arloak, baina ez diot uko egiten inolako diziplinetan aritzeari.
Irudi hau Lazkaomendiko gainetik aterata dago. Sarritan joaten naiz hara paseatzera. 2016ko ilunabar batean atera nuen argazkia. Aizkorri elurtuaren atzean eguzkia laino artean nola ezkutatzen ari zen ikustean, ez nuen Txindokiri bizkarra emateko zalantzarik izan.
Nikon D610 • Tamron 24-70mm f2.8 • 1/200 • f8 • iso 100