Ormaiztegi, Idiazabal, Olaberria, Lazkao, Ordizia, Itsasondo, Bidania-Goiatz, Beizama eta Azpeitia. Zer da hau? Etxebizitzaren alokairuaren igoera pairatzen ari diren herrien zerrenda? Herriko jaiak bertan behera utzi behar izan dituzten herriena? Edo, gauzak dauden bezala, udako helburu turistiko erakargarrienena? Ba guztiak izan daitezke ziurrenik, baina ez, beasaindarron alboko-herrien zerrenda da. Zerrenda buruz ikasi dugu, gainontzeko herrietan egingo zenuten bezala, imajinatzen dut.
Asteburuko mendi bueltak herri zerrenda horren arabera antolatzen dituzu, kontzertu, filma edo antzerki bat ikusteko gogoz bazaude, herri horietako agendetan begiratzen duzu. Tinder, Grinder eta Kaixo maitia bezalakatoetan ere, eremuak mugatuko zirelakoan nago, mundua, bat-batean txikitu balitz moduan. Larrua jotzeko ere etxe albora mugatu behar (errege familia asko horrela hasi ziren eta begira nola amaitu duten…).
Duela hamabost bat urte mundua izugarri txikitu zitzaigun. Edonork, edozein lekura bidaia zezakeen hegazkin bat hartuta. Lan aukerak begiratzen hasi eta mundua zen muga… Gogoratzen? Ormaiztegi, Idiazabal, Olaberria, Lazkao, Ordizia, Itsasondo, Bidania-Goiatz, Beizama eta Azpeitia. Horixe da oraintxe nire muga.
Hala ere, eta gauza onak bilatzen saiatzearen ohitura horri helduz, egoera honek bere gauza onak ere baditu, Londonen azaroan zein kontzertu dauden begiratu beharrean, albo-herrietako agendan zer dagoen aztertzen duzulako, eta konturatzen zara, Beasainen ez dagoela apenas kontzerturik, gure eskualdeko zinema aretoek ikaragarrizko lana egiten dutela, edo Azpeitian Kulturaz Kooperatibaren eskutik eskaintzen duten kultur-agendak eredu izan beharko lukeela gainontzekoentzat. Hori, eta Boliviako oihana ezagutu nahi zenuen horretan, sekula Beizaman egon gabea zarela ohartzeko ere, ez da gutxi.