Aizpea auzoan gaztelu baten aztarnak aurkitu ditu Antton Arrietak. Bere azken lanerako Gipuzkoako gazteluen zerrenda osatu du.
Zeraingo lurretan gaztelu bat izan zitekeenaren aztarnak aurkitu dituzte, Aizpea auzoan, Legazpi, Gabiria eta Mutiloa arteko eremuan. Antton Arrietak 28 urte inguru daramatza arkitektura militarra aztertzen eta ikertzen, eta Euskal Herriko gazteluen errolda osatzea du helburu. Hainbat lan ondu ditu lurraldekako gazteluen zerrendekin, eta laster Gipuzkoako 2. zerrenda argitaratuko du: bertan aipatu du Aizpeako Gaztelua.
Kale hizkeran esanahi zabalagoa duen arren, Arrietak irizpide batzuk ezarri ditu errolda egiteko. Haren arabera, gaztelua Erdi Aroan babeserako barruti itxia sortzen zuen dorre eta hormatalen konbinazio gotorra zen, hirigunetik aterpetzen ez zuena, baina eraikin guztiek ez zituzten ezaugarri zehatz berak eta, hortaz, «interpretazioari» ere tartea utzi dio: «Gazteluak hain zorrotz zehaztuta, kanpoan geratuko lirateke leizeko eta mendi-kaskoko gazteluak, eta baita harkaitzen kukuletan eraikitako gotorleku asko ere». Gotorlekua, aldiz, hitz orokorra da, eta bere baitan hartzen ditu gazteluak, dorreak, forteak edo bestelako eraikinak.
Aizpeako Gaztelua harkaitz-gaztelua izan zitekeen, Arrietaren arabera. Haitza landua dago, lauki bat igar daiteke eta pareta batzuk ikus daitezke, baina aztarna horiekin «oso zaila» da gotorlekuaren egituraketa zein zen zehaztea: «Zeraingoa bitxia da, ekialdean haitza ez dagoelako bakartua, gazteluaren orubea gehienez pare bat metro garaiago geratzen da ondoko zelaitik, eta aukera bat da lurrez bete dutela zelaia zabaltzeko». Pare bat metro egoteak «eredua hautsi» die, bakartuago egon beharko zukeelako.
Antton Arrieta, arkitektura militarraren aztertzailea
«Izan daiteke Aizkorrirako igarobidea izatea, baina baita meatzaritzari lotuta egon izana ere»
«Badago inguruan Gaztelu izeneko baserria, baina gure lanerako abiapuntua ondoko haitza izan zen: Gazteluaitz»
Meategia ala igarobidea
Izaerari dagokionez, berriz, Arrietak azaldu du «helburu bat baino gehiago» izan zitzakeela: «Izan daiteke Aizkorrirako igarobidea izatea, baina baita meatzaritzari lotuta egon izana ere». Gotorlekuaren haitzetatik Aizpeako meategia ikus daiteke, eta jarduera horrek sortzen zituen «etekin, erraztasun eta gizataldeekin» harremana izan zezakeen. Gazteluaren inguruko albisterik ez dute aurkitu, ez Erdi Aroan ezta ondorengo mendeetan ere. Horregatik, Aizpea auzoaren izena aukeratu dute.
Toponimoak aztertuta egin dute topo eraikin militarrarekin: «Badago Gaztelu izeneko baserria, baina abiapuntua ondoko haitza izan zen: Gazteluaitz». Ondarea babeste aldera, Gazteluaitz aztarnategi arkeologiko izendatzeko eskaera aurkeztu zuen ekainean Gipuzkoako Foru Aldundian. Gazteluen ezaugarrietako bat da harria. Haitza landua egoten da, bai Gipuzkoako gazteluetan eta baita Goierrikoetan ere, baina beste material batzuk ere bazeuden tartean. Tokia egokiagoa eta sendoagoa egiteko landu ohi zuten harria: «Lehengai nagusia izaten zen, baina bilakaera bat ere ikus daiteke». Aurrena egurra erabiltzen hasi baitziren, eskuragarriagoa zelako: «Oholeziak egiten zituzten, baina poliki harria sartzen hasi ziren dorre nagusietan inguruko harresiak indartzearren».
Balizko gazteluak inguruan
Gazteluez gain, balizko gazteluak ere zerrendatu ditu Arrietak, eta adierazi du helburua aukerak aurkeztea eta bilketa lana egitea dela: «Adituen lana da teoriak eta hipotesiak sortzea, eta historian sakontzea geroago». Urtea amaitzearekin batera argitaratzea espero duen liburuan ez ditu gaztelutzat hartuko balizko gaztelu horiek, baina horren inguruko azterketa garatzeko aukera zabalduko du toponimiari jarraika. Goierrin balizko hiru gaztelu aipatu ditu: Gaztelumendiondoa Legazpin, Gaztelugana Gabiria eta Mutiloa artean, eta Gaztelumuño Beasainen. Hiri gazteluak ez ziren ohikoak lurraldean, baina badago bat Goierrin: Ordiziako Gazteluzar etxearen aurrekaria balizko hiri-gaztelu gisa izendatu du.
Seguran ere gotorleku posible bat egon daiteke: Azpillaga dorrea. Halere, «oso datu gutxi» dituzte oraingoz. Gotorlekuko harria herriko harresia hobetzeko erabili zuten, eta XX. mendean harrobia egitean harriak galdu ziren: «Toponimoa dago, Oriamuino baserria, Aizkorri aldera zihoan bide zahar baten ondoan zegoen eta harrizkoa zen». Horrez gain, badakite ez zela talaia bat, jendea bizitzeko tamainakoa zelako: «Helburua bidea kontrolatzea zen, ez zen hiribildutik pasatzen, baina hortik aurrera asmatu behar dugu, ez dakigu zehatz mehatz». Eraikinaren oinaren laukia ere igarri daiteke Segurako Azpillaga mendian. Elizaren eta herriko emakume baten artekoa zen jabetza Segurako artxiboan aurkitutako dokumentu baten arabera.
Oraingoz izaerarik, izenik edo egiturarik ez duen arren, Zerainen ere beste eraikin militar baten oinarriak egon daitezkeela esan du Arrietak: «Txoritegin haitz bat dago, tumulu bat, eta han erreketak eta gainean egurrezko eraikin bat aurkitu dituzte arkeologoek». Mota askotako gaztelu bat edo dorre bat izan daiteke, baina daturik ez dute: «Gaztelumendi esaten diote eta beharbada hor ere zerbait bazegoen».
Ataun, Ausa, San Adrian eta Azarikume
Goierrin hiru dira gaztelurik ospetsuenak. Zaldibia eta Abaltzisketa artean dagoen Ausa Gaztelu, Ataungo Jentilbaratza Gaztelua eta San Adriango gaztelua. Arrietak esan duenez, berezia da azken hori: «Leizea izateaz gain igarobidea da, zeharo bitxia da, ez dugu horrelakorik beste inon ikusi». Topatutako gaztelu gehienen inguruko informazioa murritza da, baina Ataun eta Ausa Gazteluen kasuek jarraipena izan dute aspalditik: XIII. mendeko Nafarroako Erresuman kokatuta, garaiko informazioa oparoa da, XIV. mendean Nafarroako errege-erreginek gazteluak utzi zituzten arte. Nafarroako Agiritegi Nagusian gordeta daude orduko konpontze-lanak, gazteluzainen izenak edota izandako erasoak.
Sona handia duten horiez aparte, halere, «aukera gehiago» daudela azaldu du Arrietak. Gipuzkoako 2. zerrendan, Zeraingoaz gain, Beasain eta Itsasondo artean dagoen Azarikume gazteluaren nondik-norakoak azaldu ditu bere lanean. Lehenengo zerrendan ere aipatu zuen hariztia aukera gisa. Oraingoan, ordea, gaztelua topatzeko bidea aztertu du.