Jasaten ari garen egoera gogor hau medio, nork ez dugu etxean, lantokian edo lagunekin topo egitean, gure arteko otorduez, festez eta abarrez hitz egin?
Hori buruan, 70eko hamarkadako argazkia duzue honakoa. Lazkaoko festen barruan, kuadrillen eguneko Nahasketa kuadrillaren talde bat, bazkal ostean.
Gure kuadrillaren sortzeari aipamena egiterakoan, ezin aipatu gabe utzi gure Bordaxuri kuttuna, hura izan baitzen gure hasieretako topaleku. Ondo gogoan dugu, bertan orduak eta orduak elkarrekin pasa genituenok.
Gure kuadrilla osatu genuen bada; izenez Nahasketa, hasieran Bordaxuri. Oihala aukeratu genuen, koloretsua, eta josi. Guk ez noski, bagenituen ama borondatetsuak eta trebeak horretarako ere. Adin desberdinetako neska-mutilak ginen, baina lagunarte ederra osatzen genuen, elkartasuna zen nagusi.
Ohi den moduan, festetako egitarauan kuadrillen eguna antolatu zen, noski kuadrilla bazkaria tarteko. Elkarrekin bazkaldu ondoren, salto eta brinko abiatu ginen herrian zehar, gure txaranga partikularra eta guzti. Izan ere, Iparraldetik, gurera euskara ikastera etortzen zen Maider lagun musikariak hartuta etorri zen, guri primeran etorri zitzaigun.
Egun zoriontsua
Egun zoriontsua izan zen, haiek garaiak! Izan ere alaitasuna eta bizipoza genuen nagusi. Hertzainak taldearen kantak dioen antzera: ze ondo pasatzen genuen, kriston giroa zegoen!
Geroztik, bakoitzak gure bidea jorratu dugu. Orain denak ez gara elkartzen, esan dudan bezala, adin desberdinetako talde izugarria ginen, eta denak elkartzea zaila. Baina, batzuk tarteka elkartzen jarraitzen dugu, nahiz eta gero eta zailagoa izan. Dena den, argazkiari begiratuta, geure artetik behar baino lehenago joanak ere gogoan ditut.
Festa eta ondo pasatzearekin batera, burura datozkit herrigintzako auzolana (ikastola, udalekuak…), mendi irteerak eta gazte zein ikasle mugimenduetan antolatzearen lehen urratsak. Hitz bitan esanda, mundua jan beharra, eta askatasun gose latza.
Jorra bitzate gaurko gazteek bide berriak, baina ez ditzagun gal bidean bizimodu zail honi aurre egiteko balio horiek guztiak.
Elkarrekin
Gaur egungo egoeran, pentsaezina da honelako egun bat ospatzea. Esperantza omen da galdu behar den azkena, horri eutsi beharko diogu. 2020. urtea borobila zela genioen… amaitu berri dugu. Ea ba aurtengoak okerragorik ez digun ekartzen, eta Nahasketako kideak elkartzeko aukera daukagun. Hitz batean: Elkarrekin!