Irati Goikoetxea Asurabarrena • Idazlea
Bitartean heldu eskutik. Hain erraza balitz bezala. Eskua luzatzen duen orok ez baitu beti beste esku bat zain edo eskean topatzen; eskua luzatzen duen oro ez baita beti beste epeltasun batzuk ukitzera iristen. Horregatik existitzen da poesia. Egon daitezkeen zulo-gune horien sostengu. Eta eskerrak. Eroriko bailitzateke, bestela, mundua, eta auskalo nora. Munduaren azpian zer dagoen ulertzeko itsaso asko idatzi behar ditugu oraindik.
Eta ni hasi nintzen behin. Itsasoak idazten esan nahi dut. Hamazazpi urte nituen. Kirmen Uribe iritsi zitzaidan esku artera. Nik eskutik heldu nion. Bere lehenengo poema liburua nik irakurri nuen lehen poema liburua izan zen. Liburua irakurri bitartean eskutik heldu nion Kirmeni, eta ordutik hiru eskurekin bezala nabil. Ez dakit oparitu egin zidan edo lapurtu egin nion, hain zen egiazkoa kontaktua. Eta itsasoak idazten hasi nintzen, uholdeka eta ito beharrean, Kirmenek lortzen zuen biluztasun hartan kresala eta aparra eta uhinen kolpea nola jantzi asmatu nahian. Ito nintzen bi aldiz eta hiru aldiz, eta itotzen naiz, orain ere, saiatzen naizen aldiro. Biluziegia da Kirmenen lana, gardenegia, errealegia. Eta horregatik maite dut horrenbeste, egia horien indarra oso delako sinesgarria.
Flotagailua jantzita ibiltzen naiz aspaldian munduaren azpiko itsasoetan igerian. Flotagailua jantzita badaezpada ere. Erori bitartean neure eskutik heltzen asmatzen ez badut, zerbaitek gerrian gora egin diezadan irrist.
- Izenburua: Bitartean heldu eskutik
- Idazlea: Kirmen Uribe
- Argitaletxea: Susa
- Orriak: 104
- Generoa: Poesia