Tania Hernandez eta Maria Eugenia Zurutuza • Natxo belardenda (Beasain)
Herritarrak urduritasun handiarekin dabiltza COVID-19aren gaiarekin eta gaitzak sortu dituen ondorioekin. Tristura, antsietatea, lo ondo egin ezina, beldurra… emozio eta arazo horiek azaleratu eta areagotu dira martxotik hona. Ondorioz, bezero asko etortzen da dendara lo ondo ez egitearen arazoari irtenbidea bilatzeko helburuarekin.
Melatonina oso eraginkorra da horretarako, valeriana, melisa, tila edo pasiflora bezala lasaigarriekin konbinatuta. Melatoninak lo egiteko «klikla» aktibatzen laguntzen du, eta gainerako lasaigarriek lo prozesua hobetzen laguntzen dute.
Lotarako produktu horiek, pilula eran, estraktoetan, jarabean, belarretan, infusioan… har daitezke, erabiltzaileen gustuen arabera.
Egoera animikoa
Egoera animikoa orekatua izateak ere laguntzen du kalitate hobeko loa izaten. Inguruan egoera larri bat gertatu den kasuan, edo depresio edo tristura puntuei aurre egiteko, hiperikoa edota ashwagandha belarra daude aukeran, poz pixka bat sortzen laguntzen baitute. Hiperikoak kontraindikazio gehiago ditu; hiperikoa hartzen duenak ezin baitu, adibidez, eguzkirik hartu, edo beste hainbat sendagairekin ezin baita nahastu; ashwagandhak ez du kontraindikaziorik, oraingoz.
Hiperikoa eta ashwagandha hartzeko modu desberdinak daude: tantak, belarrak edo jarabea.
Defentsak igotzea
Lo gaizki egiteak eta antsietateak defentsak jaisten ditu, eta ondorioz, gaixotzea errazagoa izaten da. Defentsak baju ditugunean, era batera edo bestera somatizatuko du gorputzak: azalean, katarroren bat harrapatuta, baginan onddoak… Defentsak ondo baldin baditugu eta alaiago baldin bagaude, gutxiago gaixotuko gara, eta gaixotzen bagara ere, errazago egingo diogu aurre gaitzari.
Defentsak igotzeko ezaugarri desberdinetako produktu ugari daude merkatuan, adin eta behar desberdinentzako egokitutakoak.