Yon Ander Marcos • Egurrezko zaldia
Lehenik eta behin zorionik beroenak eta urte berri on, irakurle maite eder polit eta zintzo horrek. Uste baduzu iritzi artikulu honetan koronabirusari, txertoari edota pandemiaren bigarren olatualdiaren egoerari buruz hitz egingo dudala oso oker zaude. Zure independentzia grina asetzeko helburuarekin proposamen filosofiko, teoriko, zientifiko, filosofiko eta historiko berri bat dakarkizut: gipuzkoar abertzaletasuna. Aski da bizkaitarrak gure buruaz barre egitea. Gu, haiek ez bezala, independienteak izan ginen (1794. urtean Wikipedia deritzon entziklopedi fidagarriaren arabera). Honela, askapenaren bide honetan parte hartu nahi duzuen guztiak gonbidatuak zaudete. Lehen ekintza Zumarragan izango da eta bertatik Tolosa hiriburu nagusi historikora joko dugu. Iparraldera jarraituz, Donostia lortu ostean, bi fronte irekiko dira: Donostiatik kostaren frontea eta Urretxutik barnealdeko frontea. Kostako frontea Debaraino iritsiko da eta barnealdekoa berriz Arrasateraino. Bakoitza bere helmugara iristean Eibarren elkartuko gara pintxo, saldabero eta sagardoa hartzeko. Trikitilariak ere izango ditugu. Animatu zaitezte ondo pasatzera. Ordua eta eguna hurrengo alean adieraziko dira.