Eresti Oiarbide • Hizkuntza aholkularia
Zorionez, urte gutxi barru, ez da hain sinplea izango norbere zuhaitz genealogikoa osatzea. Izan ere, bi abizenak jakiteak bakarrik ez digu sortu zituen aitaren abizena eta amarena zein diren esango. Zorionez, pertsona baten bi abizenak irakurrita aukera bakarra ez, hainbat izan beharko ditugu kontuan: biak guraso bakarrarenak diren, edo bi gurasotako norena den aurrena agertzen dena, esate baterako. Baina 30 urteren bueltakoontzat ez da zaila aurrekoetara iristeko bide hori egitea.
Hala ere, aitona edo amona esaten dugunean, amaren aldekoez edo aitaren aldekoez ari garen zehaztu behar izaten dugu. Nik, ordea, erraz bereizi ahal izan ditut; aitaren aldekoak attette eta amama ziren, eta amaren aldekoak amona eta aittona. Aitaren ama Igorren jaioa zen, eta bertako euskalkia hangoekin bakarrik erabiltzeko gorde bazuen ere, egin zuen modua bilobek txiki-txikitatik bere jatorriaren berri izan genezan.
Laurak ezagutzeko aukera izan nuen, baina, nuen adinagatik edo dena delakoagatik, behar bezala aprobetxatu ez izanaren sentipena daukat. Orain, aukera izango banu, Zumarragako azokara oinez joaten zenekoaz galdetuko nioke amonari, Arratiako euskalkian aritzeko eskatuko nioke amamari, eta Amaiurko batailoiarekin bizitakoaren inguruan galdetuko nieke aittonari eta attetteri.
Esaera zaharrak dioen moduan, «Balego eta balitz, elkarren ondoan dabiltz»; iada berandu da horretarako. Negu giroan, etxeko epelean, eser gaitezen gurasoekin eta aitona-amonekin, galde diezaiegun bizitakoaz, ikus ditzagun berriro argazki zaharrak, jaso dezagun kontatzen digutena eta aukera dugunean, ondorengoei kontatu. Gure aurrekoak izan zirena jakin gabe, ez dugu nor garen ulertuko.