Mikel Lizarralde • Mikel Lizarralde jantzidenda (Zumarraga)
Gero eta gizonezko gehiago dira arropa erostera joaten direnak eta aukera berriak probatzea gogoko dutenak. Hala ere, oraindik asko dira arrebak, emazteak edo neska lagunak erositako arropa janzten duten gizonezkoak. Beraz, emango dudan lehenengo gomendioa horixe da: arropa denda batera joan, eta profesionalen gomendioak jarraituz, jantzi desberdinak probatzea.
Irudi batekin ohituta gaude, baina ausardia pixka batekin eta aldaketa txikiekin, geure nortasuna galdu gabe, eroso eta geure burua hobeto ikusteko aukera izango dugu. Urteak ere «kenduko» ditugu kasu askotan.
Helduenen kasuan, adibidez, beti alkandora urdina jantzi duenak, puntu txikiak dituen bat probatzea. Urrutitik alkandora urdina dela ikusiko bada ere, norberak badaki, beste ukitu bat duen alkandora daramala.
Praketan ere gauza bera egin daiteke. Gazteagoetan, beti praka bakero marka zehatz bat janzten duten asko daude, baina gaur egun dagoen zabalera, material eta forma desberdineko praka aukera zabala dago, eta probatuz gero, seguru asko, hobeto ikusiko den praka bat aurkituko du. Gazteenek kirol arroparekin ohitura handia dute, hala ere, gaur egun, praka bakero elastikoen aukera erosoa eskaintzen dute. Jantzixeago joan behar duten momenturako praka txinoak ere aukera onak dira.
Jertseak eta txamarrak
Jertseei dagokienean, batetik, urte guztian erabil daitekeen jertse fina dago. Askok kamiseta bezala erabiltzen dute. Beraz, aukera ona da fantasiatxo edo detailetxoren bat duena izatea. Bestetik, irudi eta bolumen gehiagoko harizko jertse lodiak daude. Kontuan hartu, gizenagoa denak, arropa zabalagoa eramaten badu, gizenagoa dagoenaren itxura emango duela.
Txamarretan, negurako nyolenezkoak edo painuzkoak, eta udaberri-udazkenerako, lehen beroak eta hotzak hasi aurretik, larruzkoak egokiak dira. Gaineko alkandorei ere joko handia atera diezaiekegu: alkandora baten itxura du, desestrukturatua da, baina aukera ematen du azpitik arropa janzteko, edo gainetik, lumazko txaleko bat eramateko ere bai.