Goierriko sortzaileen bilgune izan eta saretze lana egiteko helburuarekin sortu zen Arteria proiektua 2017. urtean. Harrezkero, bere ibilbidea osatzen ari da Asier eta Iker Zinkunegi anaiek martxan jarritako egitasmoa. Saretze lan horretatik, eragitera pasa nahi dute orain, Arteria Fabrika ekimenarekin. Bihar gauzatuko dute helburu horren lehendabiziko ekarpena, Legorretan egingo duten Arterialdia ekitaldiarekin.
Goierriko sortzaile, kultur eta gizarte eragile nahiz erakundeak saretu eta eskualdeko 900 bat artista eta eragileren zerrenda osatzea izan zen aurreneko pausoa. Horiek denak biltzen dituen webgunea sortu zuten gero. Eta orain, Arteria Fabrika gorpuztu nahi dute. Herriz herri aurkezpenak egin eta sortzaileekin harremanetan jarri dira. Iker Zinkunegik azaldu duenez, «oso harrera ona» izan dute, bai sortzaileen eta baita erakundeen aldetik ere, nahiz eta pandemiak eraginda, «denontzat urte arraroa» izan den.
Saretze lanaz gain, sormen lanean ere eragin eta lagundu nahi dute, bultzada eta erakusleihoa eskainiz. Goierriko sortzaileei laguntzeko hiru sormen beka jarri dituzte martxan. Guztira 22 proiektu aurkeztu dituzte. Bihar Legorretako Herri Antzokian egingo duten ekitaldian (11:00etan) jakinaraziko dituzte irabazleak. Horrez gain, Arteriak 2021erako dituen asmoen berri ere emango dute bertan.