Pello Agirrezabal • Brinkola
Brinkola eta Telleriarteko mutikoek hainbat mendi eta hondartza irteera egin genituen joan zen mendeko hirurogeiko hamarkadan Don Abelino maisuarekin. Haietako batzuk inguruko mendietara: Aizeleku, Korosti, Arripillata edo Otaño… baita Gorbeia eta Urbiara ere. A ze meritua zeukan Don Abelino maisuak, gure irteeretan mutiko kuadrilla kontrolatzen.
Urbian esate baterako, astea pasatzen genuen uztailean eta hura izaten zen gure gustuko mendi irteera. Fondan lo egiten genuen, Justaren aginduetara eta janaria guk prestatzen genuen, kazuela eta bestelako tresnekin. Horretarako, aurretik Joxe Anaundik (Telleriarteko baserritarra) bere zaldiekin eramaten zituen Urbiara tresna denak.
Eguraldi ona bazen egunero goizean mendi irteera egin ohi genuen inguruko mendietara: Zabalaitz, Enaitz, Aizkorri, Arbelaitz, Malkorra… Arratsaldean jokoak Urbiako zelaietan (futbola, balon-tiro eta bandera jokoa. Azken bi joko horiek maisuak ekarritakoak ziren).
Don Abelino Sanchez de Isasia gasteiztarra zen, ez zekien euskaraz baina ahalegindu zen ikasten. Ez zen ohiko maisu bat. Argazkilaria ere bazen, berak errebelatzen zituen egindako argazkiak. Irteera haietan parte hartu genuen mutiko denok izango ditugu etxean garai hartako bere argazkiak.
Mendizalea, eskaladan eta eskiatzen ere ibilia zen. Tximist espedizioan (Everesterako lehen euskal espedizioa) parte hartu zuten bere lagun Llorente, Rosen eta abarrekin, eta Alpeetara eta Pirinioetara egin zituen zenbait bidaia. Diapositiba emanaldiak egiten zizkigun eskola orduetan berak egindako mendi irteerekin.
Eskolan ere saiatzen zen gurekin. Idazterakoan akatsik ez egiteko adibidez (gaztelaniaz noski) txapelketa moduko bat antolatzen zuen. «Konpetizioa» deitzen genion eta bi talde osatzen genituen. Taldeko batek arbelean hitz bat idatzi eta taldeko beste batek ondo idatzita zegoen esan behar zuen, eta horrela ez bazen, zuzendu egin behar zuen. Jolasean bezala ikasten genituen tildeak eta hatxeak non jarri behar ziren.
Zigortu ere egiten gintuen batzuetan, bazkaltzera etxera joan gabe utziz adibidez. Edozein modutan, berarekin ikasi genuen guztiok oroitzapen onak ditugula uste dut.
Bere irakasle lanak Irura, Truzios eta Olaberriko eskoletara eraman zuen, eta azken horretan jubilatu zen.