Ostalarien familian jaioa eta hazia, Idoia Barbarin Mendozak ere lanbide berarekin jarraitzea erabaki zuen gazte-gaztea zela, eta Urretxuko Ezkurra gozotegia eta kafetegia lantoki bihurtu zituen. Pastelak egiteari utzi dio dagoeneko, eta orain kafetegiaren ardura darama bakarrik, ostalaritzak hain une zailak bizi dituen honetan. Hogei urtetik gorako ibilbidea du atzetik, eta beste hainbeste edo gehiagokoa izan nahiko luke aurretik.
Zu Ezkurrako Barbarin Mendoza familiaren bigarren belaunaldia zara.
Hala da, bai. Gurasoak [Gregorio eta Mari] hasi ziren gozotegi eta kafetegi negozio honekin duela 44 urte, eta nik hartu nien erreleboa.
Noiztik dago zure familia Ezkurran?
Gurasoak nafarrak dira, baina Paristik etorri ziren Ezkurraren kargu hartzera 1977an. Aita eta ama Parisera joanda ziren lanera, eta han pastelgintza ikasi zuen aitak. Urte batzuk egin ondoren, bertan geratu edo etxe aldera etorri erabakitzen ari zirenean, aitaren anaiaren bidez jakin zuten Urretxun Ezkurra gozotegia alokairuan zegoela, eta etortzea erabaki zuten. Lauren artean hartu zuten negozioa hasieran, nire osaba Emilio eta izeba Joakina Yurrebasorekin batera. Gero nire gurasoak bakarrik geratu ziren. Aitak pastelak egiten zituen, eta ama kafetegian egoten zen.
Eta zu ere Paristik etorri zinen?
Ez, 1977an bertan jaio nintzen, baina Urretxun. Hiru ahizpa gara, eta ni erdikoa naiz.
Nolakoa da ostalari familia baten bizitza?
Gure aitak eta amak astelehenetan jai hartzen zuten, eta eskolatik piper egiten genuen arratsaldeetan. Bazkaldu eta gero kotxean denak sartu, eta alde egiten genuen. Bestela, gurasoek beti edukitzen zuten tartetxo bat gurekin egoteko, nahiz eta gu zaintzeko neskame bat genuen. Falta hori izango genuen, bai, baina ez dut bereziki gogoratzen, aita eta ama beti izan ditugulako gertu, eta gozatu ahal izan dugulako haietaz txikiak izan garenean. Gainera, Ezkurraren gainean bizi ginen, ia bertan. Hura gure bigarren etxea zen. Bere garaian gurasoek lokala txikitu egin zuten jangela bat jartzeko, eta guk han bazkaltzen genuen, haiek lanean ari ziren bitartean.
Baina bai, egia da ostalaritzak ordutegi txarra duela familiarekin kontziliatzeko, denbora gutxi uzten dizula.
Lan egitea ere egokitu zitzaizuen?
Txikiak gineneko bideo eta diapositiba ugari ditugu, eta askotan agertzen gara hiru ahizpak gozotegiaren inguruan… Egia da saltsan ibiltzea asko gustatzen zitzaigula, eta askotan traba ere egiten geniela, txikiak ginenean behintzat. Gero, gaztaroan bai, laguntzera etortzen ginen, laguntzera baino gehiago lanera. Astean zehar bakoitzak gure gauzak egiten genituen, eskolara joan eta hori, eta asteburuetan lanera etortzen ginen.
Zuen gazte denboran gainera, Ezkurran egundoko martxa izaten zen asteburuetan.
Bai. Egunez bakarrik ez, gauez ere lan egiten genuen, batez ere 1990eko hamarkadaren hasieran. Rafaela Carraren diskoak jarri eta egundoko martxa egoten zen larunbat gauetan. Berandu arte egoten ginen lanean, eta hurrengo egunean goizeko 07:00etan irekitzen genuen! Askotan, aita pastelak egitera jaisten zenean, parrandan ari zirenen erditik igaro behar izaten zen obradorera joateko, eta hura ez zitzaion batere gustatzen!
Baina zuk ez zenuen ostalari izan nahi.
Ba ez, eta ile-apaintzaile izateko ikasi nuen, Tolosan, eta gero Donostian. Baina ez nuen izan lanbide horretan lan egiteko aukerarik.
Zergatik?
Ikasketak amaitu eta Londresera ile- apaintzaile gisa lanera joateko nintzela, aita gaixotu egin zen eta etxeko egoera aldatu egin zenez, bertan geratzea erabaki nuen. Familiaren negozioari heldu nion, pastelgintzari batez ere. 18 urte eskas nituen. Aitak beti izan du pena pixka bat horregatik, nire bi ahizpek nahi zan duten lanbidean ari direlako, eta ni ez naizelako ile-apaindegi batean ari. Baina nik hartu nuen erabakia, eta ez naiz damutzen.
Pastelak egiten ikasi zenuen, beraz.
Txikitatik ikusitako zerbait zen, beti lagundu izan dugu denok obradorean, eta lanbidea ezagutzen nuen, baina hasi nintzenean, aita gogoratzen dut nire ondoan aulki batean eserita, argibideak ematen. Oso hasiera gogorra izan zen! Baina gero urte ugari egin genituen elkarrekin lanean. Oso ondo moldatzen ginen.
Nolakoa da gozogile baten lana?
Polita da, nik oso gustuko nuen. Sukaldean jardutea eta pastelak egitea asko gustatzen zait. Ordutegi berezia dauka. Ni, adibidez, goizeko 04:00etan jaikitzen nintzen eta eguerdiko 12:00etan bukatzen nuen, astelehenetan izan ezik, egunero.
Zeintzuk ziren zuen espezialitateak?
Guk denetik egiten genuen, pastelak eta tartak, baina gure etxeko izarra milhojas pastela edo ostopila izan da. Txokolatezko itsaontzitxoa ere asko estimatzen zuten bezeroek. Guztira 18 pastel desberdin egiten genituen: ostorezko tututxoa, relanpagoa, bonba, arroz pastela, fruta pastela… Pastel guztiek gure ukitua zuten. Egunero egiten genituen, artisau eran, eta produktu naturalak erabiliz. Eta tarten artean, ostorezkoa edo hojaldrea izan da gure maskota beti. Txokolatezkoa, sagar tarta… eta errege opila ere famatuak ziren.
Lehen orain baino gehiago jaten ziren gozo gauzak?
Askoz ere gehiago! Lehen ohitura zen igandeetan pastelak erostea, eta astean zehar ere bai, orain baino gehiago.
«Gure etxeko izarra ‘milhojas’ pastela izan da. Bezeroek Txokolatezko itsasontzitxoa ere asko estimatzen zuten»
«Pandemiarekin, badirudi gu garela guztiaren errudunak, badirudi taberna eta jatetxeetan bakarrik kutsatzen dela jendea…»
Zergatik utzi zenuen gozogintza?
Aita jubilatu zenean, ama etortzen zen gozotegira ni laguntzera. Nik pastelak egiten nituen, eta amak barrukoak bete eta apaindu egiten zituen. Bi pertsonen artean egiteko moduko lana da, eta aitarekin bezala, amarekin ere oso ondo moldatzen nintzen, baina hari ere jubilatzeko ordua iritsi zitzaion, eta sei hilabetez bakarrik aritu nintzen. Oso nekatuta bukatzen nuen! Kafetegirako langile bat nuen lanaldi erdirako, eta pastelak egiteaz gain, beste erdia nik lan egiten nuen. Goiza obradorean igarotzen nuen, pastelak egiten, antolatzen, garbitzen, banaketak egiten… eta arratsaldea kafetegian. Lan asko zen, eta pena handia eman zidan, familiak martxan jarritako negozioa zelako, ni bigarren belaunaldia nintzelako, baina bizitza bakarra dugu eta bizi ere egin behar dugu.
Baina Ezkurran pastelak badituzue oraindik.
Bai. Bergarako Larrañaga gozotegitik ekartzen ditut. Pastak, opilak, palmerak eta gozotegi horretako espezialitatea diren Bergarako errellenoak ere saltzen ditut. Oso gustura nago, zerbitzua ematen jarraitu dudalako behintzat. Orain, astia hartzen badut, gure txokolatezko itsasontzitxoa egiten erakutsi nahi diet, Ezkurrako tradizioa mantentzeko. Jendeak faltan botatzen ditu gure pastelak!
Zu izan zara Goierri garaiko azken gozogilea?
Bai, ni nintzen pastelak artisau eran egiten nituen bakarra, eta orain dela hiru urte utzi nuenetik, ez da beste inor hasi horretan. Baina esan dudan bezala, Ezkurran jarraitzen dugu gozo kontua saltzen, eta Bergaratik ekarritakoez gain, oraindik hemen bertan egiten ditut croissantt-ak eta napolitanak.
Gozoak egin, egin dituzu eta egiten dituzu oraindik, baina gustatzen al zaizkizu?
Nik nahiago dut gazta eta urdaiazpikoa, egia esan. Aita bai, oso gozozalea zen, eta berak hostorea moztean geratzen ziren hondarrak jan egiten zituen bezala, nik zakarrontzira botatzen nituen. Gozo gaiez inguratuta nengoen, baina ez nuen jateko gogorik izaten. Hamarretakoa egiteko, adibidez, pintxo baten bila joaten nintzen Jai Alai tabernara, eta hango sukaldariari nik hemendik pastela ematen nion trukean. Baina noizean behin jaten ditut gozoak, ez pentsa, egun zehatzetan bakarrik, urtebetetzeetan eta horrelakoetan.
Jai Alai aipatu duzu, baina orain itxita dago Urretxuko inguru honetako beste taberna eta jatetxe batzuk bezala.
Bai. Esan daiteke Urretxuko ostalaritza asko aldatu dela azken urteetan, eta lehen gure Iparragirre kale honetan zegoen giroa herriko behe aldera pasa dela. Pena handia ematen dit ia gure parean zeuden Jai Alai eta Florida itxita ikusteak. Konpetentzia izango zirela pentsa dezake jendeak, baina ez zen horrela, haiek zabalik zeudela giroa zegoen kale honetan, batez ere poteo garaian. Azken aldian, kale honetan zabalik dagoen bakarra Ezkurra izanda, iluntzeetan beranduago ixten dut, poteoan dabiltzanei begira. Orain, berriz, 20:00etan itxi behar izaten dugu.
Pandemiak ekarritako aldaketa da, ordutegiarena.
Azken hilabeteetan hala gabiltz, bai. Beste aldaketa bat ere izan dut kafetegian pandemiaren kontura, aldaketa positiboa, terraza jarri ahal izan dudalako azkenik. Aspaldi nenbilen terraza baterako baimen eske udaletxean, eta ez zidaten ematen. Baina konfinamenduaren ondoren lortu nuen azkenik baimen hori, eta bost mahai jartzen ditut kafetegiaren aurrean, arkupeetan. Oso terraza dotorea dut, gainera, eta kaleari bizipoza ematen dio.
Pandemiaz hitz egiten hasi zara…
Ezinbestean, ezta? Terrazarena izan da pandemiak ekarri didan gauza on bakarra. Konfinamenduan eta ondorengo asteetan lanik egin gabe egon ginen, hiru hilabete oso gogorrak izan ziren, batere diru sarrerarik gabekoak. Beti erakutsi didate ez dagoenerako gorde egin behar dela, eta eskerrak horri! Lanean hasi ginen gero eta horrekin egoerari buelta ematen hasi ginen, baina azaroan berriz ixteko agindua etorri zen. Bigarren itxialdi horretan etxera eramateko kafea saltzeko aukera izan nuen behintzat, eta pastelak ere mantendu nituen. Diru sarrera batzuk izan nituen behintzat. Eta hirugarren aldian, goizetan bakarrik lan egiten dut, etxera eramateko zerbitzua eskainiz, eta gastuak ordaintzeko adina ateraz.
Orain berriz ere zabalik duzue.
Bai, epaileen aginduz. Badirudi gu garela guztiaren errudunak, badirudi taberna eta jatetxeetan bakarrik kutsatzen dela jendea… eta trenetan eta autobusetan pila-pila eginda joaten direnean? Edo lantokietan daudenean? Gure lokaletan garbitasuna eta segurtasun distantziak ziurtatzen ditugu, eta bezeroak ere ondo portatzen dira. Orduan, zergatik sartu dira gurekin, eta zergatik agintzen dute gure negozioak ixtea?
Mobilizazio ugari egin dituzue.
Beharko. Ixtera derrigortuta bagaude, ordain diezagutela behintzat! Lan egiteko eskubidea dugu, beste guztiek bezala. Diru laguntzak aginduta daude, baina kasu askotan ez dira iritsi oraindik. Urretxuko Udalak ere agindu du laguntza bat. Baina ez da nahikoa egin diguten kalte ekonomikoa estaltzeko. Ostalaritza gure bizimodua da, eta familiak ditugu. Min handia egin digute. Bezeroek, aldiz, elkartasuna erakutsi digute, eta hori eskertzekoa da.
Gozogilea, garraztuta
Nafarroan familiak etxetxo bat du, eta hara joatea gustatzen zaio Idoia Barbarini egunerokoaz atseden hartzera. Igande arratsaldea eta astelehen osoa han igarota, asteari aurre egiteko «pilak kargatuta» itzultzen dela dio. Izan ere, lanbide neketsua du, are gehiago azken urte honetan, pandemiak hainbeste zigortu duen sektorea delako berea: ostalaritza.
Ostalari familia batean jaioa da Idoia, Gregoriok eta Marik osatutakoa. Parisen gozogintzaren ofizioa ikasi eta 1977an Urretxura etorri ziren gurasoak, Ezkurraren kargu hartzera; aitak obradorean egiten zuen lan, amak kafetegian. Gaur, 44 urte geroago, negozioak indartsu jarraitzen du Idoiaren eskuetan; Ezkurrako Barbarin-Mendoza ostalari familiaren bigarren belaunaldia dela dio harrotasunez.
Gaztetan, ordea, ez zuen lanbide horretan jarduteko asmorik, eta ile-apaintzaile izateko ikasi zuen. Baina horretan lanik egiteko denborarik gabe, bestelako tresnak hartu zituen esku artean, eta aitaren ondoan gozogintzari heldu zion. Ezkurrako pastelak, tartak eta bestelako gozoak egiteko sekretu guztiak ikasi zituen harekin, eta ondo ikasi gainera. Baina aita jubilatu egin zen, gero ama… eta gozotegia eta kafetegia biak batera berak bakarrik ezin zituela eraman eta, pena handiz, kafe kontuekin geratu zen bakarrik. Goierri garaian artisau eran lan egiten zuen gozogile bakarra zen, eta harrez gero ez dio inork heldu lanbide horri.
Gaur lasaiago bizi dela dio Idoiak, nahiz eta koronabirusak sektorea hankaz gora jarri duen. Haserre dago ostalaritzarekin agintariek izan duten jarreragatik, eta gainerakoek bezala lan egiteko duten eskubidea aldarrikatzen du.