Luisi Izquierdo Irizar • Ipotx haur eta gazte moda (Beasain)
Udaberriarekin eta eguraldi onarekin batera, arropa koloretsuagoek hartuko dute tokia. Bizi dugun garai honetan gainera, koloreen alaitasuna gustura hartuko dugu. Etxeko txikienek ere gustura jantziko dituzte praka motzak eta mauka motzeko kamisetak.
Haurrena bizitzako oso etapa garrantzitsua denez, eta urteetako esperientziak erakutsi didanari jarraituz, lehenik eta behin, haurren eta nerabeen gustuak eta nahiak entzun eta errespetatzea aholkatuko nieke gurasoei. Erosotasuna bilatzen dute, eta horretarako, kalitate oneko ehunak –erraz puskatzen ez direnak– eta mugimendurako askatasuna emango dizkien formak eta diseinuak dira egokienak. Bai ikastetxera joateko, eta baita ekitaldi berezixeago batera joateko ere.
Nerabezaroa adin tarte zailagoa izaten da, eta are eta garrantzitsuagoa da beraiek nahi dutena errespetatzea, baraiei askatasunez erabakitzen uztea. Askotan helduok gauza bat nahi izaten dugu, eta haurrek beste bat. Nerabeek erakutsi didate, erosotasuna eta arretarik ez deitzea, oharkabean pasatzea, nahi izaten dutela. Gaur egun gainera, arropa marka batzuek ez dute neska-mutil rola erabiltzen eta unisex arropa aukera ona izaten da.
Gorputz handiagoa duten haurren kasuan ere, gurasoei gomendatuko nieke haurrari uzteko nahi duten arropa aukeratzen, haurrei ez die axola izaten tripa nabarmentzea. Txikitatik konplexurik eta aurreritzirik gabe hazten lagundu behar diegu.
Haurrei ere emango nieke gomendio bat: praka bakeroak –luzeak nahiz motzak– ez dituzte askotan gogoko izaten, baina gaur egungo bakeroak ere oso elastikoak dira, txandalen parekoak. Probatu ditzatela.
Haur txikienentzat, kotoizkoak
Haur txikienean kasuan, fibra sintetikodun arropak baztertzea komeni da, ehun mota horiek ez baitie izerdia ateratzen uzten. Horregatik, kotoizko –eta ahal bada kotoi organikoa– arropak aukeratzea komeni da. Horrekin batera, jakina, eta haurraren mugimendurako oztopo izan ez dadin, jantzi erosoak izan daitezela.
Haurraren sormena eta irudimena estimulatzen duten jantziak ere badaude. Aukera ona dira, arroparen bitartez hainbat gaitasun garatzen laguntzeko.