Ilazki Azaldegi ordiziarra da. Iaz Zerainera joan zen bizitzera. Alokairu sozialeko etxebizitzetan izena eman zuen eta horietako bat lortu zuen. Historia ikasi zuen eta Gipuzkoako Parketxe Sarean lan egin du: Ataunen, Zegaman eta Arantzazun. Zeraingo Udala turismo baliabideak koordinatuko zituen pertsona baten bila zebilen, izena eman zuen eta postua lortu zuen. Ekainean hasi zen lanean. Museoaz, turismo bulegoaz, dendaz, aterpetxeaz, Aizpeako meatze guneaz eta Larraondoko zerrategiaz arduratzen da. Aterpetxean obra egin dute eta Aizpeako labeetan ere txukunketa lanak egin behar dituzte.
Zer egiten duzu aisialdian?
Naturaz gozatzea gustatzen zait: landareak, animaliak… Yoga mundua ere asko gustatzen zait.
Pelikula edo telesail bat?
Sense8 telesaila.
Musika talde bat edo musikari bat?
Berri Txarrak. Kontzertu askotara joan naiz. Azken birako hiru kontzertutan egon nintzen.
Kolore bat?
Berdea.
Oporretarako toki bat?
Muetz. Nafarroako herri txiki bat da. Aitona bertakoa zen eta etxe bat dugu bertan. Azken hilabeteotan ezin izan gara joan eta joateko irrikatan gaude.
Liburu bat?
Jean Marie Auel-en Los hijos de la tierra.
Idazle bat?
Murakami asko gustatzen zait.
Zer gosaltzen duzu?
Batzuetan ezer ere ez. Bestela, infusioren bat, fruitu lehorren bat…
Zerainen biziko ez bazina?
Ordizian.
Zeraingo alkatea bazina, zer egingo zenuke?
Turismo baliabideak eguneratzen saiatuko nintzateke.