Gaizka Oiartzabal • Tabernaria eta musikazalea
Ez dakit zergatik oraindik, eta saiatu arren ez dut ulertzen. Zein da arrazoia gaur egun, kultura modu honetan zigortzeko? Egiten ari diren mina hain da handia, askorentzako, heriotz zauriak izango direla.
Orain profesionala izan behar zara, akabo. Egoera zaila bazen, are zailagoa izaten ari da eta izango da. Underground-a suntsitu nahi dute. Sorkuntza kinka larrian dago ez bada ordainlekutik pasatzen. Falta zena. Dugun kultur eskaintzaren zatirik handiena eta aberatsena soberan omen dago.
Ez dago kultur sailburua izan beharrik, edo zure herriko alkate, edo kultur teknikaria edozein herritako jaietan, hau astakeri bat dela onartzeko. Erraza da kalkulatzea herri, auzo eta kultura maite den txoko orotan, profesional asko dagoela, baina mingarria ez direla kontutan hartzen, eta are mingarriagoa akats hori behin eta berriz egiten dela ikustea. Prepotentzia handia behar da honetarako, eta pertsonen balioa, hauen obeditzeko gogoaren arabera neurtzen duten horietakoa izan behar. Hurrengo pausoa zentsura edo kartzeleratzea izango litzateke akaso, kasu batzuetan ikusten ari garen bezala. Puntu horretan gaude. Ez dute nahi oposizioa, baino dena ukatzen dute, edo trabekin onartu. Ez dute nahi kontrakultura, baino ez dute zaintzen herritik sortzen den guztia, eta gainera etiketatu edo kriminalizatzen dute etengabe.
Horren aurrean mobilizazioak egon dira azken egunotan. Urretxu-Zumarragako Musika Taldeen Mugimenduak, Mutamuk, beste kultur eragile askorekin batera egin duena bezala. Eta hurrengo hilabeteetan ikusiko dugun moduan, kulturarekiko dugun kezka hori, modu ezberdinetan adieraziko da. Batez ere, ez gaudelako gustura ikusten dugunarekin, kezka dugulako sorkuntza herrikoiaren etorkizunarekin eta herritik eta herriarentzat egiten dena herriak babestu behar duelako. Ireki dezagun aterkia, oraindik euria ari du eta!