Javier Arratibel • Javier Arratibel Optika (Zumarraga)
Gertura ikusteko zailtasunak izaten hasten gara 40 urte inguruan. Presbizia edo ikusmen nekatua izeneko ikusmen-arazoa da, eta ikusmen sistema, distantzia hurbiletan behar bezala enfokatzeko gaitasuna galtzen hasten denean gertatzen da. Honen ondorioz irakurtzerakoan nekea, begietan astuntasuna, buruko mina, lausotasuna eta ongi fokuratu ahal izateko irakurri beharrekoa urruntzeko beharra sentitzen ditugu.
Egoera honi aurre egiteko, profesionalek, norbanakoaren behar eta ezaugarriei egokitutako betaurreko edo ukipen lenteen erabilera, presbiziarako egokia den errefrakzio kirurgia edo ikusmen azterketa egiterakoan atzematen diren bestelako alterazioak kontuan hartzea gomendatzen dugu; hala nola, miopia, hipermetropia eta astigmatismoa.
«Lupa betaurrekoak»
Pertsona batzuk, ikusmen hurbileko zereginetan zailtasunak sentitzen hasten direnean, osasun sailekoak ez diren establezimenduetan «aurrez muntatutako betaurrekoak» erostea erabakitzen dute. «Lupa betaurrekoak» edo «irakurtzeko betaurrekoak» deitzen diren betaurreko horiek erostean, nahiz eta une horretan duten arazoa konpondu, ez dira ohartzen hori ez dela erabaki egokia.
Betaurreko horiek sortu zirenean, larrialdietan edo une zehatzetan soilik erabiltzeko diseinatu ziren. Izan ere, azterketa optometriko edo oftamologiko bat egin eta erabiltzaile bakoitzak izan zitzakeen bestelako ikusmen arazoak kontuan hartuz modu indibidualizatuan egindako betaurrekoak ordezkatzen zituen. Betaurreko horiek erosteko, erabiltzaileak aukera ezberdinak probatu eta bere buruarentzako egokia den betaurrekoa aukeratzen du, hobeto ikusten duela sentituz, baina berez, betaurreko horiekin handiagoa ikustea besterik ez da lortzen. Gainera, betaurreko horiek potentzia bera dute bi begietan, eta kalitate optiko baxuko plastiko injektatu batez eginda daude. Bazar, gasolindegi, liburu-denda, estanko, supermerkatu, azoka txikietan, top mantetan aurki daitezke, ikusmen profesionalek inolako gainbegiradarik ematen ez dieten lekuetan alegia.
Horrelako betaurrekoak luzaroan erabiliz gero, erabiltzailearen ikusmen gaitasunean eragin dezaketen urritasunak sor ditzake, hala nola, bi begien arteko koordinazioaren desoreka, begien egokitze-nahasmenduak, buruko mina, nekea…
Gailu elektronikoen ondorioz
Telelanak, online klaseak edo gailu elektronikoetan oinarritutako aisialdiak gaur egungo gizartean hartu duten indarra dela eta, gerturako ikusmen eskaera areagotu egin da. Zeregin horiek modu egokian gauzatzeko, profesional batek egindako ikusmen-azterketa bat egitea komeni da, horri esker, kasu bakoitzari dagozkion banakako irtenbide egokienak edo orientabideak jasoz.