Paula de Juan Razkin (Ordizia, 1999) atletismoan ibili izan da 9 urte zituenetik, baina azken urteetan 400 metro hesietara bideratu du bere ibilbidea. 2020an Europako Federazioak Norvegian jokatuko den txapelketara joateko jartzen duen gutxieneko denbora lortu zuen arren, Espainiako Federazioak aterako dituen gutxienekoen esperoan dago oraindik.
Nolakoa izan da atletismoan egin duzun ibilbidea hasi zinenetik honaino?
Bosgarren mailatik aurrera krosak egiten hasi nintzen neguan, baina uda iristen zenean pistan hesiak egitea gustatzen zitzaidan. Urteak pasa nituen saskibaloia eta atletismoa uztartzen, baina batxilergora heldu nintzenean bitako bat hautatzea erabaki nuen eta atletismoa aukeratu nuen azkenean. Krosak gustuko nituen arren, nahiago izaten nuen pistan hesiak egitea, eta horixe egin nuen. Duela 7 bat urte Tolosako klubeanhasi nintzen entrenatzen, atletismoko sailean. Bertan, entrenatzaile dudan Ivan Gallegorekin prestatzen hasi nintzenean, 400 hesietan ongi ibiliko nintzela esan zidan, eta harrezkero horretan jarraitu dut lanean.
Europako Federazioak jartzen duen gutxieneko denbora lortu duzu Norvegian jokatuko den Europako txapelketera joateko. Nola eta noiz lortu zenuen denbora hori?
Madrilen lortu nuen 2020ko irailean, Ohorezko Mailako Ligan. Atletico San Sebastian taldearekin joan nintzen filial moduan eta 1:00.66ko marka egin nuen bertan.
Europako Federazioak jartzen duen gutxienekoa lortu duzun arren, oraindik pixka bat itxaron beharko duzu Norvegiara joateko aukera izango duzun ala ez jakiteko. Zeren araberakoa izango da hau?
Hori da. Egin nuen marka Europako Federazioko minimatzat jotzen den arren, Espainiako Federazioak gero minima horiek jaitsi eta zaildu egiten ditu joaten den jendeak ahalik eta maila altuena izan dezan. Uztailean jokatuko den Europako Txapelketara joan ahal izateko, aurten Espainiako Federazioak aterako dituen minima horiek ere lortu beharko nituzke, baina marka horiek zein izango diren jakin arte ez dakit joateko aukera izango dudan ala ez.
Joatekotan, zer da zehazki Norvegian egin beharko duzuna?
Denboraldi honetan nik eta nire entrenatzaileak gogor jarraituko dugu lanean marka horietara ahalik eta gehien hurbiltzeko, baina hala ere nire helburu nagusia orain dudan 1:00.25-eko marka pertsonala hobetzea izango da, eta gero minima eta marka horiek etortzen badira opari bat bezala jasoko ditut.