
GoiOsasunLab proiektu pilotua probatu dute Ataunen eta Beasainen. Adinekoen autonomia ahalik eta gehien luzatzea da programaren helburua, bizi-kalitatea hobetzeko. Prebentzioa da funtsa. Lau herri gehiago batu dira aurten proiektura.
Adina zama handia da. Artikulazioak ahuldu eta burua herdoiltzen du. Animoari ere zuzenean eragiten dio. Egoerarik larrienetan menpekotasunak sortzen dira, eta ingurukoen laguntza beharrezkoa bilakatzen da. GoiOsasunLab proiektuak puntu hori ahalik eta gehien atzeratu nahi du. Prebentzioa da gakoa.
Adineko pertsonei bideratutako zerbitzuak menpekotasun legearen baitan daude. Hau da, zerbitzuen onuradunak izateko menpekotasunen bat izan behar dute. Askotan, ordea, beranduegi izaten da. Ordurako bizi-kalitatea nabarmen okerragoa da eta errekuperazio prozesua ez da horren eraginkorra. GoiOsasunLab proiektu pilotuak egoera irauli nahi du: «Autonomia luzatzeko ariketa fisikoak, kognitiboak eta animikoak lantzen ditugu, profesionalekin eta era pertsonalizatu batean», laburbildu du Nerea Amenabar Otañok, Ubikare enpresako arduradunak. GoiOsasunLab Ubikare enpresak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri ekimenarekin batera diseinatutako eta martxan jarritako proiektua da. Ataunen eta Beasainen probatu dute 2020an zehar, eta aurten jarraipena izango du.
Programa oraindik autonomoak diren adineko pertsonei bideratua dago. «Baina, pixkanaka, hauskorrago notatzen direnentzat da», zehaztu du Amenabarrek. «Hauskorra erabiltzen dudanean zer esan nahi dut? Bada, lehen baino azkarrago nekatzen direnak, nahaste gehiago dituztenak, bihotzeko eta tentsio arazoengatik lehengo gauzak egin ezin dituztenak eta horrek tristatzen dituen jendea…». Ariketen bidez gainbehera gelditu nahi dute eta autonomia mantendu edo areagotu, beraien eta ingurukoen bizi kalitatea hobetzeko. «Ariketek hiru ardatz dituzte: fisikoa, kognitiboa eta animikoa. Adibidez, erlaxazio tailerrak daude; fitxekin egiteko memoria ariketak; etxean egiteko moduko ariketa fisikoak: hankak gurutzatu, besoak igo eta jaitsi, lurretik gauza txikiak jaso…». Erabiltzaile bakoitzak tableta bat jasotzen du, bi botoietakoa. Ariketa guztiak bertan gordeta daude, bideoan. Hala, bakoitzari ongien datorkion unean eta lekuan egin ditzake ariketak. «Bideoa oso garrantzitsua da. Azalpenak jasotzeaz gain, posturak zuzendu ditzakete. Gainera, partaideak ikusi egiten du bestea nola ari den, eta errazago ulertzen du». Bigarren botoiarekin, berriz, astean behin hiru hilabetez alor anitzetako profesionalekin zuzeneko bideo-deiak izaten dituzte. «Erizainak, psikologoak, neuropsikologoak, geriatrian espezializatutako hezitzaile fisikoak… daude. Psikologo, mediku edo entrenatzaile pertsonal baten kontsultara joatea bezala da».
GoiOsasunLabek lehen urtea bete du eta emaitza guztiak positiboak izan direla aipatu du arduradunak. Alor fisikoko gaitasunetan, objektiboki neurtzea errazagoa delako, erabiltzaile guztiek izan dituzte hobekuntzak. Esaterako, eseri-zutitu erako 30 errepikapen egiteko %12 denbora gutxiago behar zuten batez beste proiektuaren amaieran. Hau da, lehen baino arinagoak dira. Orekaren gaitasunean lortu dute jauzirik handiena. Emaitza kualitatiboak ere positiboak izan dira, Amenabarren hitzetan. «Argiago sentitzen dira, piztu egin direla. Aurretik goibelago sentitzen ziren, baina orain motibatu dira. Eta ikusi dute pixkana-pixkanaka gauza zailagoak egiteko gai direla».
Bigarrenean, lau herri gehiagotan
Arrakasta ikusirik proiektuak aurrera jarraituko du. Ataunez eta Beasainez gain aurtengoan Goierriko lau herrik hartuko dute parte (Olaberria, Mutiloa, Segura eta Zaldibia). Bestelako aldaketa batzuk ere izango ditu, erabiltzaileek egindako gomendioak baliatuta. Adibidez, ariketak taldean egiteko aukera egongo da aurrerantzean. Izan ere, askorentzat asteroko bideodeia gutxiegi izan da eta aurrez aurreko interakzioak ugaritzeko eskatu dute.
Arduradunek ere gustura amaitu dute lehen urtea. Aldaketaren beharra sumatzen zuten eta lortzen ari dira: «Perspektiba aldatu behar genuela ikusten genuen. Adineko jendearentzako zerbitzua ematen dugunoi falta zitzaigun gu, proaktiboki, pertsona horiengana joatea, esanez ‘begira bizitza-kalitatea zenbat hobetu dezakezun hasten bazara aurreragotik lantzen’. Ikusten genuen prebentzioan lan eginda onura hobeak lor genitzakeela jada menpekotasunak garatuak dituztenean baino». Hasierako diagnosia egiterakoan ikusi zuten adineko jendea «abandonatua» sentitzen dela. «Harritu egin gintuen, baina hala da. Gainera, pandemiaren erruz jarduera guztiak bertan behera gelditu zaizkie, eta behar zuten halakoren bat».
Jendeari kosta egiten zaio laguntza eskatzea, arrazoia edozein dela ere. «Mugikortasun arazoak dituztenei esan izan diet ea zergatik ez diren parte hartzen animatzen. Esaten didate jada horrela daudela, mugikortasun urriarekin, eta ezin dutela hobetu. Noski hobetu daitekeela». «Lehenengo pausua, askotan, seme-alabek animatuta ematen dute. Seme-alabek edo ingurukoren batek eman behar izaten die lehen bultzadatxoa. Baina gero bakoitzak bere kabuz jarraitzen du. Gehiago ere eskatzen dute». Ez zaie nekagarria egiten. «Uste dut beraien buruarekin oso harro amaitu dutela. Badakizkit kasuak lagun artean euren lorpenak goraipatzen ibiltzen direnak». Tabletaren adibidea jarri du: «Ari gara mezu bat helarazten pertsona helduenei teknologia beraientzat zaila dela. Behin eta berriz zaila dela esaten badizute, beldurrarekin heltzen diote. Uste hori kulturala da, barneratua dugu bai helduek eta bai gainerakoak. Baina ez da egia. Lehen saioetan laguntzaile bat izaten dute tableta nola erabili ikasteko, tabletaren lagun egiteko. Eta beti ‘ah, hauxe besterik ez al da?’, erantzuten digute. Etxean Interneterako konexioa izatea ez da beharrezkoa, tabletak berak baduelako konexioa».
Mugarik gabe
Ubikare Zambranan (Araba) hasi zen egitasmo hau gauzatzen, duela lau urte. Hazten joan da eta udalerrietatik mankomunitateetara egin du jauzi. Goiekik ere bultzatu du egitasmoa. Amenabarrek aipatu du proiektuak bideragarria izaten jarraituko duela jende gehiagorengana iritsi arren. «Proiektuak ez dauka mugarik. Sektorean geroz eta lanpostu gehiago ari dira sortzen. Eta, gainera, kalitatezkoak».
Hamar plaza besterik ez dira gelditzen izena eman nahi dutenentzat
GoiOsasunLab proiektuko bigarren urtean izena eman nahi duenak azken aukera du. Bigarren txandan ehun lagunetara handitu dituzte plazak eta hamar besterik ez dira gelditzen guztiak betetzeko.
Interesatuek 943 847 477 telefonora deitu behar dute edota contacto@ubikare.io helbide elektronikora idatzi. Ubikareko langileak jarriko dira harremanetan, eta beraiek gidatuko dute parte hartzailea. Doakoa da. Goierriko edozein herritako jendeak har dezake parte. Etxean tabletarik ez izatea ez da arazoa, konpainiak berak utziko baitio bat eta erabiltzen ikasteko egun bakarreko edo biko ikastaroa eskainiko zaio.
Lehen urtean 57 pertsonek hartu zuten parte. Gehiengoa emakumezkoak izan ziren, %68a. Gainerako %32a gizonezko bezala identifikatu zen. Erabiltzaile guztien batez besteko adina 76 urteetakoa izan zen. Gazteenak 64 urte zituen eta zaharrenak 89. Horrek erakusten du askotariko pertsonek har dezaketela parte proiektuan. Hizkuntza ere ez da traba. Profesionalek badakite euskaraz eta iazko parte-hartzaile gehienen ama-hizkuntza euskara izan zen. Ia hamar lagunetik zazpik, zehazki.
Amenabarrek izena ematera animatu ditu goierritarrak. Menpekotasunak atzeratzea posible dela dio, autonomia luzatuz eta bizi kalitatea hobetuz. Ariketak edonork egiteko modukoak direla nabarmendu du.
Conchi Garmendia, erabiltzailea
«Arin egoteko oso ondo datorkigu. Erosoa da. Bakoitzari ongien datorkionean bideo bat jarri eta ariketa pixka bat egin. Etxean egiteko oso aproposak dira ariketa guztiak. Etxean daukagun materialarekin nahikoa da, eta ariketak ez dira zailak. Kiroldegira joatea ez zait horren erosoa egiten, are gutxiago gauden egoeran. Hortaz, nire inguruko guztiei, eta izena eman edo ez zalantzan daudenei, animatzeko esango nieke».
Manuel Fidalgo, erabiltzailea
«Oso gustura sentitu naiz. Uste dut GoiOsasunLab gorputzarentzako positiboa dela. Nik behintzat sekulako aldea nabaritu dut: lehen ia ez nituen hankak tolesten eta orain ia bata bestearen gainean tolestera iristen naiz. Ibiltzerakoan nabaritu dut. Orain gozatu egiten dut, baina aurretik oinetatik sufritu egiten nuen. Eta pena ematen zidan, paseatzea asko gustatzen zaidalako. Aldatu egiten zaitu, hobe sentitzen zara».
Consuelo Campos, erabiltzailea
«Esperientzia ezinhobea izan da. Ez gara soilik fisikoki hobeto sentitzen, burua ere argiago dugu. Orain entretenituago gaude, beste pentsamendu batzuk ditugu. Ikasi ere asko ikasten dugu. Beraz, gomendatuko nuke».