Euskal kantagintza berriaren garaitik, Ez Dok Amairu eta talde hartan jardundako hainbat kantariren izenak iritsi dira gaur eguneraino. Baina mugimendu hura zabalagoa izan zen, eta 60ko eta 70eko hamarkadetan nonahi sortu ziren euskaraz kantatzen zuten bikote, hirukote eta taldeak. Horren adibide da Legazpiko Itxaropen hirukotea. Marisol eta Marian Garmendiak eta Yosune Makibarrek osatzen zuten hirukoa. Elizako koruan abestuz hasi ziren, Jose Atxukarro apaizarekin; mezetan, Eguberrietan eta beste ospakizun batzuetan kantatzen zuten.
Elizatik kanpo eta hirukote moduan, La Salle ikastetxean egin zuten aurreneko emanaldia, eta jendeari gustatuta, jarraitzeko eskatu zieten. Garai hartan hasia zen Loiola irratia euskarazko kantariekin grabaketak egiten, eta Itxaropen hirukoteak ere parte hartu zuen saio horietan. Hala ezagutu zituzten Xabier Lete eta Lurdes Iriondo, eta baita garaiko beste abeslari eta talde batzuek ere. Ez Dok Amairurekin, Maite Idirinekin, Oskorri edota Urretxindorrak taldeekin jo izan zuten, bai Gipuzkoan eta baita Bizkaian ere.
Aparraldi hura jaitsi zenean utzi zioten elkarrekin kantatzeari, baina haietako batzuk jarraitu zuten, gerora bizileku izango zituzten Gasteizko edota Elizondoko abesbatzetan.