Apirilean sartu garen honetan, oporretan pentsatzen jarri eta zeru urdin eta eguzki bero batekin amesten hasi naiz. Baina garaian garaikoa eta apirilean, euria goian behean. Negua ez omen da apirila pasa arte bukatzen, eta euria eguraldi txartzat hartzen dugu askotan. Geure gozamenari begira besterik ez baikara bizi. Ez dugu ikusten apirilean botatzen duen euri horrek, larre eta soroetako uzta indartuko duela edo maiatzean kolore biziz egongo diren lore horiei indarra emango diela. Apirilak ekartzen ditu loreak eta maiatzak eraman ohoreak, esan izan ohi da. Gaur egun horrelaxe bizi gara, lanaren emaitzari bakarrik erreparatuz, aurretik dagoen lana baloratu gabe, askotan zail edo desatsegin, baina beharrezko.
Egia da apirilak gorabehera asko izaten dituela, goizean izotza zuri ikusi dezakegun bezala, arratsaldean mauka motzean paseoan ibiltzeko moduan izaten gara eta. Eguraldi desatseginek gauza ederrak ekar ditzakete, itxaroten jakin behar. Baina pazientzia ere geroz eta gutxiago ez ote dugun… Ez omen du sekula denon gustura euria egiten. A ze arrazoia, batzuk eguzkia nahi oporrez gozatzeko eta nekazariek berriz euria nahi uzta indartzeko. Orduan, euria eguraldi ona edo txarra da? Ona nahikoa denean eta txarra soberan denean dela esango nuke. Gauza denak bezala, neurrian eginez gero, ez gara gaizki ibiliko. Ez dakit aurtengoan kukuak oker jo edo zer egingo duen, oraingoz behintzat, iaz baino libreago gabiltza gure kaiola erraldoi honetan, eta gaitz erdi. Aurtengoan ere kukuak jo eta ni txanponik gabe poltsikoan. Euria goian behean, eguzkia indarrean, kukuak kantu, kontuak kontu, osasuna eta umorea izatea ditxa.