Ez dadila haria eten’ dio Berri Txarrak taldeak hain ezagun egin duen esaldiak. Eta zuzeneko musika emanaldientzat garairik onenak ez badira ere, erabateko etenik behintzat ez da izan. Datozen egun eta asteetan, musikari lotutako kultur eskaintza ikustea besterik ez dago, horretaz jabetzeko. Aurreneko hitzordua bihar bertan izango da, Ordizian. Sagarock egitasmoaren barruan, Jon Gurrutxaga eta Urbil Artola ariko dira zuzenean, Tximista sagardotegian. Emanaldia soilik ala bazkariarekin batera har daiteke.
Berri Txarrak aipatuta, haien azken biraren harira egindako Dardara dokumentala ikusteko aukera bada oraindik antzokietan. Bihar Idiazabalen emango dute, Guraso elkartearen aretoan, eta Beasainen, larunbatean eta astelehenean, Usurbe Antzokian.
Beasaindik atera gabe, Igartza Musika zikloaren barruan, Iñar Sastre pianojoleak eta Jagoba Astiazaran txistulariak Arineketan ikuskizuna eskainiko dute, igandean.
Maiatza ere indarrean hasiko da, bihar zortzi, Poligrafo Fest jaialdiaren 6. edizioa egingo baitute Urretxuko Labeaga aretoan, John Dealer & The Coconuts, Soma Cult, The Northagirres (argazkian) eta Joseba B. Lenoir Gang taldeen emanaldiekin. Sarrerak aldez aurretik har daitezke sarean.