German Urteaga Garmendia • Psikologoa eta Trans aktibista
Duela egun batzuk ikastetxe batean izan nintzen trans munduaren inguruko hitzaldiak ematen. Gustora itzuli nintzen etxera, oso gustura, ez nekien zer zetorkidan gainera. Ordenagailuan nengoela Galiziako mutil trans bat bere buruaz beste egiten saiatu zela irakurri nuen. Barruak buelta eman zidan. Ni 9-10 urteko haurrei hitzaldiak ematetik nentorren etxera, pozarren eta bat-batean albisteak muturreko bat jo zidan. Amorrua eta mina. Gizarte nazkagarri hau!
Gaelek transfobia sufritu zuen bere aurreko ikastetxean. Bere amak adierazi duenez ez zioten bere izenez deitzen, jaiotzean jarri zioten izenez baizik, eta hau ez dakizue zeinen mingarria den, idazte hutsak mala ostian jartzen nau. Horrez gain, femeninoan hitz egiten zioten, isekak ere modu horretan egiten zizkioten. Ikastetxez aldatu zen eta ikastetxe berrian gauzak erabat ezberdinak izan omen ziren, errespetatu egiten omen zuten, arazoa baina aurreko eskolako kabroiekin zegoen, ikastetxe berriko atarira joaten baitziren eta ez zioten bizitzen uzten.
Erasoek aurrera jarraitu zuten eta azkenean Gael bere buruaz beste egiten ahalengindu zen. Zorionez, bizirik dago. Zoritxarrez, transfobia ere bizirik dago. 15 urte baino ez ditu Gaelek, 15. Oso garrantzitsua da txikitatik hezkuntzan gauzak behar bezala egitea, hezkuntzan eta toki guztietan. Nahikoa daukagu gure buruarekin ingurukoen transfobia ere sufritu behar izateko, zoazte popatik! Baina ez da berdina 26 urte edo 15 urte edukitzea, ez da berdina. Horregatik da garrantzitsua hezkuntzan, besteak beste, transexualitatearen gaia lantzea.
Ez dakit kontziente zareten baina hau oso serioa da. Pertsona transak kolektibo zaurgarrienetakoa gara, eta errealitatea da medikuek ez daukatela ideiarik errealitate honetaz, irakasleek ez daukatela ideiarik errealitate honetaz, psikologoek ez dakitela gai hauek nola landu behar diren, administrazioan ez daukatela ideiarik… Baina gu gara sufritzen ari garenak. Ea kazkazurrean sartzen zaizuen!
Informatu eta ikasi, hori da egin behar duzuena.
Ez dakizu zenbat ulertzen zaitudan, Gael. Nik, lanean jarraituko dut gure kolektiboaren alde, gure eskubideen alde, eta espero dut noizbait zu ezagutzeko aukera edukitzea. Animo pila eta besarkada handi bat Euskal Herritik Galiziara! Eta animo pila egoera berean zaudeten guztioi, ez zaudete bakarrik.