Agurtzane Iturbe Eguren • Agurtzane Dekorazioa (Zumarraga)
Bigarren aukera bat ematearen aldekoa naiz. Gure etxean hobekuntzak egiteko momentua iristen denean, kezkak agertzen dira. Nondik nora hasi? Hau modan izango da ala ez… Hala ere, modan egotea baino, aktuala edo gaurkotasuna izatea garrantzitsuagoa dela iruditzen zait.
Jo dezagun adibide bezala, urte batzuk dituen logela bat berritu nahi dugula. Logelako ohea, armairua, gaueko mahaitxoak… Gaur egungo tendentzia denaren baino ilunagoa eta astunagoak edo pisutsuagoak izango dira kasu askotan. Baina sarritan, lehengo edo garai bateko altzari horiek kalitate onekoak izaten dira eta profesionalen aholkuak eta irizpideak jarraituz, beste begirada berri batekin bigarren aukera bat bilatu diezaiekegu. Aukera ugari daude horretarako: lakatu egin daitezke, edo arindu, ohe burua aldatu… Altzari asko «tuneatu» egin daitezke, bizi berri bat eman. Beraz, elementu bakoitzari bigarren aukera bat emanez, oreka berri bat bilatzeko aholkua emango nuke, zaharra den guztia bota gabe, edo eta dena berria jarri gabe. Profesionalek beraien ezagutzak mahai gainean jarrita, ideia berri interesgarriak sortzen dira. Izan ere, ona den produktu batek, zahartze ona izaten duenez, bigarren aukera bat merezi du.
Jakina, altzariekin batera, logelari gaurkotasuna emate horretan, pareten koloreak, argiaren kokapenak, oihalak, alfonbrak, koadroak edo argazkiek asko lagunduko dute.
Denboran iraungo duena
Lehengoaren eta gaurkotasunaren arteko oreka berri horrekin, espazio atenporalak, denboran ondo iraungo dutenak eta goxoak lortuko ditugu, praktikoari eta gaurkotasunari uko egin gabe.
Azken urteotan diseinuzko altzarien eta berriaren bolada izan dugu. Etxe asko oso berdinak ikusi ditugu, nortasunik gabeak. Baina etxeak gure nortasunaren isla izan behar du, pertsonalizatu egin behar ditugu.