Herrietako ondarea eta musika elektronikoa uztartzen dituen Dantz Point egitasmoa bueltan da. Iaz egin zuten aurreneko edizioa eta Zeraingo Aizpeako meatze gunea izan zen orduan aukeratutako zazpi eskenatokietako bat. Aurten ere, jaialdiak Goierri bisitatuko du, eta ez behin, bi okasiotan baizik.
Guztira zazpi emanaldi egingo dituzte, naturguneak eta eraikin historikoak uztartuz; horietako bi, Goierriko bi eraikin berezitan kokatuko dira: Zumarragako Antio baselizan, eta Ezkioko Igartubeiti baserrian. Aste honetan ekin diote emanaldiei, Divorce From New York proiektuak Arrasateko Gomestio baserrian egin duen saioarekin. Gainontzeko sei saioen datak eta artisten izenak eguna gerturatu ahala esango dituzte. Aipatutako kokalekuez gain, Chillida-Lekun (Hernani), Urkuluko urtegian (Aretxabaleta), Eibarren eta Mutrikun izango dira gainontzeko saioak.
Aurreneko edizioan bezala, aurten ere publikorik gabeko emanaldiak izango dira, eta streaming bidez soilik jarraitu ahal izango dira. Horretarako, DantzMusik-ek Youtuben duen kanalean, Facebooken edo Twitch-eko kontuan sartu beharko da. Egoerak hobera eginez gero, saio mixtoak egiten saiatuko dira, alegia, online baina publikoarekin.