Ane Irazoki Alvarez • Hipatiari begira
Konsentimendu kontzeptuari buruz gabiltzanean, kontuan hartu behar da ze praktika eta ze egoerari buruz ari garen hausnartzen. Berau, berdintasun egoera batetatik abiatuta da posible, aukeraketa hori librea denean. Gainera, sexualitateaz ari bagara, desirarekin batera ulertu beharreko kontzeptua da; izan ere, desiratzen ez duzun zerbaitetan baiezkoa ematea, onarpen faltsua besterik ez da.
Feminismoak gustuak berezkoak, hau da, biologikoak ez direla esaten du, eta ondorioz, zerbait kulturala dela, gizartean inposatua eta sozializazio prozesuan garatua; hortaz, baldintzatuta egonda, baiezkoa librea ez izateko arriskua dago. Hala ere, gaur egun modan dagoen eta oso arriskutsua iruditzen zaidan aukeraketa askearen mitoak talka egiten du honekin, eta azken hau oso gertu dago neoliberalismoari esker garatzen ari den indibidualismotik.
Hala ere, fokua konsentimenduan jartzeak praktika patriarkal ugari legitima ditzakeela uste dut, ekintzak berak garbi uzten baitu bi alde daudela: alde aktiboa, proposatzen duenarena, eta alde pasiboa, konsentimendua ematen duenarena. Gainera, ‘baiezkoa eman zuen’ horrek analisiaren, eta hortaz, arduraren amaiera ekar dezake (baldin eta noizbait hasi bada).