Aitor Sarriegi Galparsoro • Irakaslea eta bertsolaria
Uste dut gure arreba bati entzun niola lehenbiziko aldiz: «Gu izango gara gure gurasoak baino hobeto biziko garen azken belaunaldia». «…orain arte» gehituko nioke. Ez baitut uste gure gurasoen belaunaldiak izan duen erretiroaren modukorik tokatuko zaigunik.
Gure ikasleak urduri dabiltza. USE proba gainean dute (milurtekoaren aurretik jaiotakoontzat, Selektibitatea) eta kirioak dantzan dabiltza gehien-gehienak. Ez da harritzekoa. Hiru eguneko azterketaldian datozen urteetan zer eta non ikasi ahal izango duten izango dute jokoan, eta kasurik okerrenean zer ez eta non ez. Atentzioa ematen dit Madril edo Bartzelonaz Bilbo edo Donostia bailiran hitz egiten entzuteak, hitz handi samarrak ziren orain urte batzuk arte. Esango nuke Madrilera jendea joan ez, baina eramaten zuten belaunaldikoa naizela gehiago.
Ikasleen hautuak ere askotarikoak dira, horretan ez dira hainbeste aldatu gauzak. Ikasketa horiek egiteko USEko eta batxilergoko notan soilik (edo gehienbat) pentsatzeak harritu egiten nau, ordea. Unibertsitate-tasak batetik, hiri handietako alokairu eta bizimodua bestetik… unibertsitate-ikasketak egitea gero eta gutxiagoren esku dagoen zerbait dela esango nuke. Horri erantsi behar zaio gure belaunaldi ingurukoen seme-alabak oraintxe ari direla adin horretan sartzen, eta bati baino gehiagori pilatuko zaizkiola oraindik ordaindu gabeko etxearen eta unibertsitate-ikasketen gastuak. Zer esanik ez seme-alabak alde txiki samarrarekin izan badituzte.
Badakit, ez da berria. Lehen ere hala zen, eta gure gurasoen belaunaldiak ez zuen gure opor, autokarabana, hotel, bidaia eta otordu goserik, edo lehentasunak beste era batera zeuden jendearen buruetan. Baina unibertsitate masterren prezioak ikuste hutsak (derrigorrezkoak, bestalde, ikasle eternoaren figurak langabezia-datuak nola ezkutatzen dituen beste baterako) beldurra eragiten du.
Ezagutza arautua ordaindu dezaketen gutxi batzuen esku geratzeko arriskuan gaude. Eta hori atzerakada barkaezina litzateke.