Berrabiarazi proiektuaren diagnosi fasea amaituta, orain ekintzak martxan jartzeko garaia iritsi da, pandemiaren kalteak txikitu eta ekonomia berpiztea helburu hartuta.
Joan den urteko irailean hasi zen Goiekiren lantaldea Gipuzkoako Foru Aldundiak, Mondragon Unibertsitateak eta tokiko garapen agentziek martxan jarritako Berrabiarazi auto-hausnarketarako plataforma irekiarekin lanean. Tresna horren helburua enpresa bakoitzaren egoeraren eta erronken jakitun izan, eta COVID-19 koronabirusak eragindako osasun krisiak lan mundura ekarritako ziurgabetasunari eta planifikatu ezinari aurre egitea izan da. Apirilaren bukaerara arte enpresa industrial eta ekintzailetza eta zerbitzu arloko enpresekin orpoz orpo lankidetzan aritu dira Goiekiko teknikariak, haien egoera ezagutu eta ibilbide orri bat zehazteko. 360 enpresarekin (184 industria arlokoak eta 176 ekintzailetza eta zerbitzu arlokoak) harremanetan jartzea zen erronka. Horietako 185ek bizi duten egoeraren diagnosia egin zezatela lortu dute, eta sektore bakoitzean atzemandako lan ildo nagusiak ere zehaztu dituzte –ikus datu guztiak goiko irudian–.
Oraindik diagnosi batzuk egiten jarraituko badute ere –68 enpresak azaldu dute horretarako borondatea–, ekintzak martxan jartzeko garaia iritsi da orain, eta horiek garatu ahal izateko plangintzak aurrekontu jakin bat izango du. Eskualdeko udalekin ekintza guztiak kontrastatu ondoren, Goiekiko Administrazio Kontseilua aurrekontu hori prestatzen ari da. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik diru-laguntzak jasotzea espero da. «Goierriko garapen ekonomiko-sozial eta jasangarria sustatzeko ekintza zehatzak martxan jartzea beharrezkoa da diagnosi faseari jarraipena emateko», nabarmendu du Goiekik. Ekainean jarriko dira martxan, eta hauxe dute helburu nagusi: COVID-19ak eskualdeko enpresetan sorrarazitako kalteak murriztea eta ekonomia berpiztea, lehiakortasuna ardatz izanik.
Etorkizunerako prest egon
Proiektuaren balio erantsiari ere garrantzi berezia ematen dio Goiekik: epe motzeko egoera zail bati erantzuna emateaz gain, etorkizuneko begirada eta erronkei aurre egitea: «Diagnosien bidez epe motzean enpresei txoke plan bat egiteko baliagarria izateaz gain, epe ertain-luzeari begira etorkizuneko proiektuentzako bidea eta aukera izan daitekeela azaldu zaie enpresei». Banakakoak ez ezik, taldekako ekintza bateratuak ere sustatuko ditu Goiekik. «Taldekako erantzuna ematen saiatuko gara enpresen behar indibidualei».
Mezu horiexek ematen saiatu dira Goiekiko teknikariak enpresekin erronda egiten aritu direnean. Gizartea, ohiturak eta merkatu eredua aldatzen ari direla, eta negozioak behar berri horiei erantzuteko bideratuak egon behar direla. «Beti aholkatu izan diegu etorkizunari begirako barne lanketa bat egiteko, etor daitekeenaren aurrean prestatuta egon daitezen».
Uxua Barandiaran, Otaizabal Aroztegia (Beasain): «Diagnostikotik abiatuta enpresaren estrategia diseinatzen hasi gara; bezerorekiko harremanak sendotzen ere ari gara»
Laguntza handia enpresentzat
Beasaingo Salbatore auzoan kokatua dagoen Otaizabal Aroztegia da Berrabiarazi proiektuaren diagnosi fasean parte hartu duen enpresa industrialetako bat. Neurrira egindako zurezko enbalaje eta palet industrialen diseinuan eta fabrikazioan aritzen dira, eta egurrezko beste lan batzuk egiten ere adituak dira. Pandemiaren eraginez «momentu zail samarrak bizitzea» egokitzen ari zaiela adierazi du Uxua Barandiaran zuzendari orokorrak, lan egiteko modua eta merkatuaren egoera aldatu direlako: «Gelditu eta enpresaren nondik norakoa aztertzea beharrezkoa zela pentsatu genuen». Egoera horretan zeudela izan zuten Berrabiarazi proiektuaren berri, eta egiten ari ziren «hausnarketa horretan egokia» izan zitekeelako erabaki zuten parte hartzea.
Proiektua «oso baliagarria» suertatzen ari zaiela nabarmendu du Barandiaranek: «Ideia asko genituen buruan, baina informazio guztia mahai gainean jarri eta forma ematerako orduan izugarrizko laguntza jasotzen ari gara. Iritzi oso positiboa dugu». Enpresaren egoera zein den aztertu ondoren, «estrategia plan bat diseinatu eta helburuak ondo finkatuta izateari» eman diote lehentasuna. «Diagnostiko horretatik abiatuta enpresaren estrategia diseinatzen hasi gara, eta horretaz gain, behar-beharrezkoa iruditu zaigu bezeroekin ditugun harremanak sendotzea: haien iritzia ezagutu, dituzten beharrak jakin, zer aurreikuspen dituzten…».