Javi Bujeda Erauskin (Beasain, 1998) DJ moduan hasi zen lehendabizi, baina aurrerago produktore lanetan aritzea ere erabaki zuen. Disnoktia da bere izen artistikoa, eta dagoeneko entzungai dauden hainbat abesti kaleratu ditu.
Disnoktia da zure izen artistikoa.
Duela gutxi erabaki nuen izen hori jartzea, baina beharrezkoa ikusi nuen aro berri bati hasiera emateko. Zerrenda luze bat idatzi nuen, eta hitzekin jolasten hasi nintzen. Gauarekin lotutako izen bat nahi nuen, eta latinezko noctem-etik eratorritako noktia hitza gustatu zitzaidan, baina kontrajartze moduan, Disnoktia jartzea erabaki nuen azkenean. Izen honekin gaueko mundua islatu nahi izan nuen, gaueko mundua azkenean musikaren bidez islatzen baita.
Noiz hasi zinen DJ lanetan? Zein da zure egitekoa?
DJ lanetan 2016an hasi nintzen, Beasaingo Ertz taberna zenean. Ezberdindu egin behar dira DJ lana eta produktore lana, bietan aritzen bainaiz. DJ bezala, festa edo ekitaldietan musika jartzen ibiltzen naiz, musika nahasi eta honekin jolastuz. Produktore moduan, ordea, neureak diren abestiak produzitu eta konposatzen ditut, gero sare sozialetara igo eta jendeak entzun ditzan. Lan zama handia du atzetik produktore lanak. Zure abestiak atera, kolaborazioak bilatu, remixak egin eta beste hainbat gauza egin behar dira, esaterako, sare sozialetara eduki ezberdina igo, jendearekin hitz egin, promozioa egin, marketing kontuak, argazki eta bideoak editatu… Esan daiteke ikus-entzunezko lan dezente egin behar dela.
Abesti berri bat atera duzu, ‘Goxpa’.
Hala da, bai. Esan beharra daukat abesti hori ez dela nirea soilik, kolaborazio bat da. Abestiaren ideia bururatu zitzaidanean, produktore mexikar bati idaztea erabaki nuen, eta asko gustatu zitzaionez, bien artean egin genuen. Duela bi aste atera genuen gutxi gorabehera, eta nahiko harrera ona izan du. Aste eta erdian dagoeneko 3.000 erreprodukziotara iritsi ginen Spotifyen eta oso pozik gaude emaitzarekin. Gainera, DJ ugarik beraien bideoak bidali dizkigute geure abestia jotzen. Inspirazioari dagokionez, pandemiak sortu duen egoeraren inguruan inspiratu ginela esan daiteke. Koronabirusa dela eta, denbora asko daramagu festarik gabe eta energia horren inguruan inspiratu ginen.
Non entzun daitezke zure abestiak?
Niri jendea Spotifyera bidaltzea gustatzen zait, mundu guztiak erabiltzen duen plataforma bat delako eta hor ditudalako nire abesti garrantzitsuenak. Hori bai, hor abesti ofizialak ditut soilik, sesio edo remixen bat igo nahi badut, horiek Soundcloudera igotzen ditut. Plataforma guztietan Disnoktia izenez aurki nazakezue, beraz, babesa ematera animatzen bazarete, ilusio handia egingo lidake.