Xanti Mendizabal • Ordizia
CAFeko eskolan ibilitako asko gara argazkilaritzako zaletasuna dugunak. On Jesus Dorronsorori zor diogu.
CAFen eskola industriala (1924-1963 artean martxan egon zen) beste modu batekoa izan zela esango nuke. Irakasleak aurrerakoiak ziren, HOACekoak. Atxilotuta ere egon ziren. CAFen greba handiak egin zirenean, eurei leporatu zieten bultzatzaileak izatea. Hainbat eskubide lortzeko egindako borrokek emaitzak izan zituzten. Beste adibide bat ere bada: argazki laboratorioa geneukan eta argazki zaletasunerako grina ordutik datorkit. On Jesus Dorronsorori eskerrak alegia. Argazki zalea zen eta argazki makina edukitzeaz gain, argazki laboratorioan argazkiak errebelatzen ikasi genuen. On Jesus Dorronsorok uzten zigun argazki makina eta guk errebelatzen genituen. Hantxe argazkizaletu nintzen, eta 27 urte izango nituen lehen argazki makina erosi nuenean.
Bidaia zoragarria
CAFeko eskolako laboratorioari esker, oroitzapenen irudi bilduma ederra daukat. Ikasketa amaierako bidaia honena adibidez, Iruñea, Zaragoza, Soria eta Logroño artean egin genuena. Bost bat eguneko bidaia izango zen, autobus handi batean eta mikrobusean joan ginen 56 ikasleak. Hiru urte lehenago Lourdesera egindako bidaiako miraria izango zen. Izan ere, 56 ikasle ginen eta 56 laguneko autobusik ez zegoenez, ikasturtea gainditzen ez zutenak bidaian ez ziren joaten ordura arte. Borrokatu egin genuen eta lortu genuen bi autobus jarri eta bidaian denok joatea. Ekainean aprobatu ez zutenek, irailean aprobatu behar izan zuten, eta lortu genuen, denok aprobatu genuen.
Abentura ugari izan genituen bidaia hartan, 17 urtekoa gazteak ginen. Zaragozan hotelean txapelketa bat egin genuen gauean: soinuak egin eta zer imitatzen ari ginen asmatzea. Baina badirudi besteentzat ere egin genuela. Batzuk kexatu egin ziren.
Soria eta Logroño artean dagoen Piqueras mendatean ere izan genituen komeriak: autobusak ezin izan zuen igo, eta autobusetik jaitsi behar izan genuen autobusak arnasa pixka bat har zezan. Lasaitu zenean bidean aurrera jarraitu genuen.
Zaragozan erositako kapelarekin ageri gara gutako asko. Zaragozako oroigarri hura mendi irteera bat baino gehiagotan erabili nuen. Geroago hasi nintzen txapela janzten.