Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Esperota, espero gabe, iraupen motzez edo luzez, intentsitate txikiz, ertainez, handiz, kontrolpean nahiz kontrolik gabe, kontziente izanda ala ez, guk geuk edo kanpo faktoreek eraginda, norberak kudeatua, besteren batek edo inork ez, onerako nahiz txarrerako, haur, gazte, heldu eta adineko… Bla, bla, bla…
Ikasketek, azterketek, lanak, harremanek, arazo ekonomikoek, osasun arazoek, ezbeharrek, indarkeriak, berrikuntza handiek, familiak, edozein arazo motak… Bla, bla, bla…
Urduritasuna, buruko mina, somatizazioa, memoria arazoak, sabelekoak, konzentraziorik eza, portaera aldaketak, nekea, bortizkeria, loezina, apetiturik eza, negatibotasuna, umore txarra, tristura, bakardadea, utzikeria, kezka jarraiak, antsietatea, depresioa… Bla, bla, bla…
Prebentzioa, erlatibizazioa, arazoak onartzea, laguntza eskatzea, positibotasuna, ariketa fisikoa, erlajazio teknikak, dieta orekatua, harreman sozialak hobetzea, helburuak eta lehentasunak ezartzea… Bla, bla, bla…
Erretzea, alkohola, bestelako drogak, gehiegi eta gaizki jatea, hatzazalak jatea, bizimodu sedentarioa… Bla, bla, bla…
Honetaz guztiaz eta gehiagoz ari zen koadrilatxo bat Lierniko Xeoretxeko tabernan. Xeoretxea, Lierniko ermitta ondoko baserria da. Ermittaz arduratu izan diren belaunaldi ezberdinetako emakume ezkongabeak, xerorak, izan dira bertan. Hango tabernak ere historia luzea du. Hasiera batean, baserriko sukaldean eta eraikinaren atarian zerbitzatzen zituzten jan-edanak. Aurrerago, taberna itxura emanez, barra egin zioten. Barruan nahiz baserri kanpoaldeko arboladipeko leku paregabean izaten zen mokadutxoak eta egonaldiak egiteko aukera. Orain 20 urte inguru arte egon zen martxan zerbitzua.
Pasadizo hau hantxe gertatua da. Maria Telleria, xerora, eta Alejo Telleria anaia-arrebak bertan bizi zirela, Xeoretxeko azken zerbitzariak. Koadrila hartako batek hala galdetu omen zion Alejori: «Alejo! Zer da zutzat estresa?» Baita azkar erantzun ere: «Zer dan? Ormaiztegin gelditze eztan trena».