Agurtzane Merino Benitezek (Zumarraga, 2000), La Chachu ezizenez ezaguna den rap-kantariak, lauzpabost urte daramatza abestiak konposatzen. Bere azken lanean estilo ezberdin bat erabiltzeko hautua hartu zuen, eta dagoeneko entzungai dago Enamora abestia.
Enamora abestia atera berri duzu.
Abesti hau une honetan nire bikotekide ohia denari zuzenduta dago. Bere garaian harentzako idatzi nuen arren, gorabehera askoren ostean harremana haustea erabaki genuen. Egoera zaila izan den arren, proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki nuen eta oso pozik nago hartutako erabakiarekin. Abestia bere osotasunean familiarteko giroan egin dela esan daiteke. Grabaketa Zumarragako Bahamas estudioan egin nuen lagun batekin, eta bideoklipa ere lagun batzuekin grabatzea erabaki nuen, abestia grabatu eta 6-7 hilabete beranduago. Harrerari dagokionez, onespen handia izan duela esan daiteke. Oso neska irekia naizenez, jende askok ezagutzen nau herrian eta guztiek babes handia eman diote nire lanari. Bideoklipak like asko dituen arren, dislike ugari ere baditu, baina beti esaten dudan moduan, jarraitzaileak izateko haterrak ere eduki behar dira.
Hau ez da zure lan bakarra. Zertaz hitz egiten duzu zure abestietan?
Enamora abestian rapa eta reggaetoia nahastea erabaki dudan arren, normalean rap estiloa erabiltzen dut soilik. Nire abestietan bizitzan zehar gertatu izan zaizkidan bizipenetaz edota izandako sentimenduetaz hitz egin ohi dut. Homofobia eta autolesioaren gaiak jorratu izan ditut esaterako, azkenean nik bizi izan ditudan egoerak direlako, eta uste dudalako lagungarria izan daitekeela nire egoera berdinetik pasatzen ari den jendeari erakustea posible dela zulo beltz horietatik irtetea.
Gustatuko al litzaizuke etorkizunean disko bat ateratzea zure abestiekin?
Oraingoz hobby bat bezala ikusten dut soilik, ez dut inoiz abeslari moduan lan egiteko asmorik izan. Oso mundu konplexua iruditzen zait, izan ere gaur egun talentu handiko pertsona asko dago musika urbanoaren esparruan. Hala ere, esan daiteke nire erreferente nagusia Ptazeta abeslaria dela, eta izugarri gustatuko litzaidakeela bere pausuak jarraitzea. Zalantzarik gabe, ikaragarri gustatuko litzaidake baita ere disko bat ateratzea hemendik urte batzuetara. Musika maite duen zein artista gazteri ez litzaioke gustatuko mundu osoan zehar bere abestiak ezagutaraztea?