Julen Arakama • Butak21 zinekluba
David Lynchen Mulholland Drive lehenbizikoz ikusi genuenetik 20 urte joan dira. XXI. mendeak aurrera egin du eta Hollywooden kokatzen gintuen amets bitxi eta ulergaitz haren dizdiraren lilurak bere hortan darrai. Efemeride hori medio, aditu eta zale askorentzat mende honetako onena den film magnetiko hau zinema aretoetara datorkigu berriro bere filmografia osoarekin batera.
Hollywoodeko zinema mundutxoan kokatzen da filmaren trama, eta testuinguru horretan korapilatu eta galduko gara bikote protagonistarekin. Betty Hollywoodera antzezle izateko ametsarekin heldu berri den emakume gazte bat da, bere izebaren apartamentuan ostatu hartuko du eta han ezagutuko du Rita. Ritak kotxe istripu bat izan berri du Mulholland Drive kalean eta amnesiak jota geratu da ondorioz. Biak batera Rita nor den argitzen saiatuko dira.
Hortxe amaitzen da filman argia eta zehatza dena, hemendik aurrera hainbat istorio paralelo, pertsonaia berezi eta hari ezberdin zabalduko zaizkigulako. Guregan desorientazioa, harridura, faszinazioa, lilura, aluzinazioa eragiten ditu David Lynchek, ispilu deformatzaile baten bitartez kontatutako trama argiezin honetan. Irudien edertasuna, musika bikaina, atmosfera oniriko eta surrealista baliatuz ikuslea sorgintzen du, amnesia guk geuk sufrituko bagenu bezala heldulekurik gabe istorioan aurrera goazela.