Aitor Urdangarin • Baserritar erbesteratua
Kaixo Kattalin! Sekulako ilusioa egin dit zure eskutitza jasotzeak! 2035 jadanik. Ze azkar pasatzen den denbora! Oraindik, atzo izango balira bezala gogoratzen ditut Gasteizko urte haiek! Gogoratzen Fridays partez, asteazkena for future dinamika sortu genuenean? Arantxa Tapia, asteazkenari justizia! Trantsizio berdea 3 egun lan egitea zela eta… Jajaja.
Hemen ere asko aldatu zaigu bizimodua! Gazte pila batek, CO2a metatu, biodibertsitatea areagotu eta energia elikagaia gisan gordetzen den planta fotovoltaiko modernoetan egiten dugu lan. Zaharrek baratzea deitzen zioten eremu horietan alegia.
Umeek berriz, jolasean igarotzen dituzte arratsaldeak, trafikoa gutxitu denetik herri osoa bilakatu da euren jolasleku. Eta tuper goxo-goxoak prestatzen zizkigun Pili ere ederki dabil. Olarango adinduen etxebizitza komunitarioan bizi da egun. Asteazkenero elkartzen gara, arratsaldean pasealdi bat egin eta siesta ederrak egiten ditugu Sagastigutiko hamaka parkean. Iluntzean berriz, plan sakratua! Igartzan suaren inguruan auzokide guztiak elkartu, bertan arrantzatutako arrainaz gozatu eta festa giroan ibiltzen gara.
Festa aipatuta; ostiralean Berri Txarraken Denbora librea da trantsizio bakarra diskoaren aurkezpena dago San Martingo Elizan. Animatzen?