Iban Irastorza (Beasain, 2001) soinu teknikaria izateko goi maila bat ikasten dabil Andoainen. Ikasketak gauzatzearekin batera, bere pasioa ezagutu du eta buru-belarri ekin dio bere proiektuari: Your Sound Productions izeneko produktora.
Zein da musika produktore baten egiteko garrantzitsuena?
Jendearen pentsamendu eta sentimenduak abesti bihurtzea. Etxean, koaderno zaharren batean pare bat letra idatzita dituen jende asko ezagutzen dut, baina oso gutxi dira letra horiek hartu eta abesti moduan kaleratzera ausartzen direnak, eta horixe da nire egin beharrekoa: letra edo mezu hori hartu, eta ahalik eta gehien landu abesti bihurtu arte. Eta garrantzitsuena, mezu hori ongi transmititzea.
Produktore moduan, zer da gehien gustatzen zaizuna?
Sektore honetatik gehien gustatzen zaidana moldakortasuna da, izan ere, material gutxirekin gauza txukunak egiteko aukera dago eta horrek asko errazten du lan prozesua. Hala ere, gehien asebetetzen nauena jendearen erantzuna da, produktu bat amaitu eta emaitza entzundakoan pozik eta gustura geratzen direla ikustea.
Dagoeneko egin al duzu proiekturen bat?
Pare bat gauza egin ditut. Beasaingo lagun bati, SDBI izenez ezaguna den abeslariari, 2-3 abesti produzitu nizkion, eta horietako batekin bideoklip bat egitera ere animatu ginen. Oraingoz batez ere lagunarteko proiektuak egin ditut, Beasaingo eta Ordiziako jendearekin.
Zein izango litzateke zure ametsa esparru honetan?
Etorkizunean estudio bat ireki eta talde profesionalekin lan egitea eta grabatzea izango litzateke nire ametsa, Azken Sustraiak edota Nafarroa 1512 bezalako taldeekin.
Kanpora begira hainbat proiektu egin dituzun arren, zuk ere zeure hainbat lan grabatu dituzu. Non aurki ditzake jendeak lan horiek?
Kritika soziala jorratzen duten lauzpabost abesti egin ditut orain arte, baina horrez gain, nire YouTubeko kanalera, zein Instagramera ere coverrak igotzen ditut, jendeak zer nolako soinua ateratzen dudan ikus dezan, nire burua ezagutzera emateko.