Alarma Morea bueltan da berriro ere. Musika talde hau Uxue (Zumarraga, 2002) eta Ainhoa Plagaro ahizpek (Zumarraga, 1997) eta Nerea (Zumarraga, 2002) eta Palmi Dual (Irun, 1996) ahizpek osatzen dute. Etxean eta lagunartean hasi zena, proiektu eder batean bilakatu zen berehala.
Jendea lehenengo momentutik maitemindu zen beraien abestietako runba erritmoaz, eta ildo beretik jarraituz, Udaberrian izeneko abesti berria kaleratuko dute igande honetan, uztailaren 4an. Ainhoak kontatu duenaren arabera, «barrenak askatzeko» idazten du askotan, «inongo beste asmorik gabe», eta horrelaxe sortu zen abesti hau: «Txarraren alde onaz hitz egiten du. Askotan kosta egiten da lokaztutako bide batean aurrera egitea, eta sekulako garrantzia dute bide horretan topatzen ditugun lore txikiek. Momentu korapilatsu batetik ateratzeko behar nuen bultzada izan zen kantu hau idazteko prozesua».
Taldeak orokorrean haien abestiekin emakumearen egoera salatu eta mahai gainean jartzea bilatzen du. Gizartean ematen diren beste gai batzuk ere ikutzen dituzten arren, feminismoa da beti haien ikuspuntuaren oinarria: «Abesti guztiek mezu bat daramate, eta kontziente izan behar dugu, inplizituki bada ere, mezu hau jaso egiten dela. Asko zaindu behar da ematen den mezua».
«Alarma Morea sortu genuenetik, asko ikasi dugu bide honetan, baina gehien ikasteko aukera ematen duen unea oholtza gainekoa da, oholtza gainean ez da sekula esperientzia bera bi aldiz errepikatzen», azaldu dute taldekideek. Azkeneko zuzenekoa Lazkaon izan zuten, eta harrera oso ona izan zutela azaldu dute musikariek: «Guk eszenatokian dugun jarrera jendearen aldarteak baldintzatzen du era batera edo bestera». Egoerak hala behartuta, azken hilabeteetan hiru kontzertu bertan behera utzi beharra izan dituzte, baina «egoera hobetzen ari dela ikusita, laster data berriak izatea espero dugu».