Iruindarra naiz jaiotzez, eta Urretxun bizi arren, Legazpiko Ikatza argazkilaritza elkarteko kidea naiz azken 30 urteotan. Naturako eta kirol ekitaldietako argazkiak ateratzen gozatzen dut batez ere.
Irudiko argazkia 2017ko Santa Isabel egunean ateratakoa da, Zumarragako jaietako egun handian, gaur lau urte juxtu. Antioko ermita erromeri toki bihurtzen da, baina unerik hunkigarriena Ezpatadantza egiten dutenekoa da.
Klik bakar batean, une horretan gertatzen diren istorio ezberdinak biltzen saiatu nintzen argazki honetan: herritarrak, agintariak, apaizak, kazetariak, txistulariak, abesbatza, eta nola ez, dantzariak mugimenduan. Unerik gorenena da, egunik handienean.
Hori bai, argazkia lortzeko pare bat ordu lehenago igo ohi naiz Antiora: tripodea prestatu, kamera doitu, zain egon…
Datu teknikoak
Nikon D700 • 24/70 • 1/15 sg • ISO 400